Hamabi batzorde eta sei liberatu agintaldi berrirako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko eka. 28a, 14:08

Hamazazpi zinegotzitatik bederatzi berriak direla ekin zitzaion atzo Bergaran agintaldi berriari, eta udalbatza eratu osteko lehen osoko bilkurak osaketa kutsu nabarmena izan zuen. Hamabi batzorde sortu dira eta batzorde horretako arduradun politiko guztiak astebete barru zehaztuko dira, eta hurrengo osoko bilkuran modu ofizialean jakinarazi. Horrez gain, agintaldi honetan sei liberatu egongo dira; hasiera baten, behintzat. 

Bi aldaketa nagusi daude batzordeen antolaketan, aurreko agintaldiarekin alderatuta: ingurumenak eta berdintasunak batzorde propioa izango dute. Hori bai, Artolak argi utzi zuen funtzionamendua ikusi ahala aldaketetara zabalik daudela. Hain zuzen, oposizioko talde nagusiak, EAJk, batzordeak eratzeko orduan eurekin kontatu ez dutela gogoratu zuen; horren aurrean, Artolak batzordeetan aldaketarik apenas egon ez dela esan zuen eta horregatik ez dutela oposizioarengana jo.

Udal Gobernuan, bost liberatu

Zinegotzien dedikazioari dagokionez, Udal Gobernuko bost kidek jasoko dute liberazioa. Bi kide %100eko dedikazioarekin eta hiru heren banako dedikazioarekin. Gorka Artola alkateak 51.000 euroko soldata gordina izango du urtean, 14 pagatan banatuta. Ainhoa Lete alkateordeak 41.000 euroko soldata gordina izango du; Aitor Arantzabalek eta Kristina Markinak 13.000 eurokoa, eta Ekaitz Aranberrik 13.650 eurokoa.

EAJko Maite Agirreren liberazioa

Era berean, 2016ko Udal Legea oinarri hartuta, EAJko Maite Agirre %100ean liberatuko dute eta haren soldata gordina izango da 35.454 eurokoa urtean. EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin ziren gobernuaren proposamenaren aurrean, eta ondoren EAJk salatu zuen Agirreren liberazioaren aurrean EH Bildu abstenitu egin zela, eurak gobernuan zeudenean, 2017an, Artolaren liberazioaren alde bozkatu zutenean.

Ortiz de Zarateren kargu-hartzea

Bestalde, ekainaren 15ean egoterik izan ez zuenez, EAJko Esther Ortiz de Zaratek zinegotzi kargua hartu zuen atzo, ‘legeak hala behartuta’ formula erabilita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak