Urduritasuna zen nagusi gaztetxoen artean, Seminarixora sartzerakoan. Izan ere, orain dela hilabete batzuk egindako lanen ordaina jasotzera joan dira. Lan asko eta saritu asko "orohar kalitate politarekin", antolatzaileen esanetan: "Beti egoten da sorpresatxoren bat, nabarmentzen diren lanak generoren baten edo bestean, eta aurten ere hala izan da; gaztetxoen artean komikietan lan txukunak daude, eta ipuin idatzietan, helduen artean", adierazi du Estepan Plazaolak.
Ipuin idatziak, bertsoak, olerkiak eta komikiak aurkeztu zituzten orduan, baita interpretazioak eta kontaketak ere bideo formatuan. Hain zuzen ere Bergarako Udaleko ordezkariek azken hori nabarmendu gura izan du, iaztik garrantzia hartzen joan den modalitatea: "Interpretazioa bultzatu gura dugu, eta gure hurrengo apustua hori izango da. Egia da, ikastetxeetan ere gero eta pisu handiagoa duela, eta hori indartu gura dugu eta kalitatean inbertitu; ea sormen eskola bat sustatzen dugun", gaineratu du Plazaolak.