Bergarako elastikoarekin jokatu zuen Murua arrasatearra izan zen atzoko finaletan aritu zen debagoiendar bakarra. Pilotari gaztea ez zegoen pozik finalean eta txapelketan egindako lanarekin. Aurreikustekoa zen akaso lehia gogorragoa izango zuela promesen mailako finalak baina Iker Larrazabal jaun eta jabe izan zen munizipaleko kantxan. Antolatzaileei "pena apur bat" eman zien Muruak txapela ez irabaztea. "Beti da garrantzitsua bertako batek irabaztea; hala ere, Murua urte ona ari da egiten", esan zuen BKEko pilota saileko Julen Aranburuk.
Nagusietan, nafarrak nagusi
Nagusien mailan, berriz, partidu gogorragoa eta luzeagoa ikusi ahal izan zuten bertaratu ziren pilotazaleek. Beste urtebetez sarrera ona izan zuten Bergara Hiriako finalek. Nafarroako Igantzi herritik etorritako Oihan Canabal eta Joseba Aldabe nagusitu ziren Ataungo Iraitz Zubizarreta eta Zaldibiko Aitor Elizegiren aurrean, 22-14. Indartsu hastea izan zen garaipenaren gakoa bikote nafarrarentzat.
Bergara Hiria, afizionatuetako "erreferente"
Atzo amaitu zena txapelketaren 24. edizioa izan zen eta antolatzaileak pozik daude afizionatu mailako "erreferenteetako bat" delako Bergara Hiria: "Afizionatuetan egin du bere lekua Bergara Hiriak eta hori guretzat oso garrantzitsua. Positiboki baloratzen dugu pilotariek parte hartu nahi izatea eta harmailetan elkartu ohi diren zaleak".