ALBISTEAK

Publiko zabalarentzat egindako egitarau oparoa

Maialen Regueiro 2019ko mai. 29a, 15:24

Gaur aurkeztu dira ekainaren 7an hasi eta ekainaren 11ra bitartean ospatuko diren Pentekoste jaiak. Herriko eragile desberdinen arteko elkarlanari esker, publiko zabalarentzat egindako egitarau oparoa osatu da eta ondorioz, jarduneko alkate den Elena Letek elkarte horien arteko partaidetza eskertu du. Horrez gain, eta jaietako aurrekontuari dagokionez, honakoa aipatu du Letek: "130.000 eurokoa da aurtengo jaien aurrekontua eta bergararrek etxeetan jasoko duten esku-orrietan zehaztuta daude gastu guztiak". 

Katxalin elkarteak txupinazoa 

Jaiei hasiera emateko Bitorianatxo 20:00etan jaitsi ohi izan da. Aurten, jaien hasiera ordu erdi aurreratuko da –19:30ean izango da– eta txupinazoa jaurtitzearen arduradunak Katxalin elkarteko kideak izango dira, egiten duten lana goraipatzeko eta herritarrek ikustarazteko. Hala, Katxalin elkarteko arduraduna den Maite Vallek honakoa adierazi du: "Bihotzez eskertzen dugu gurekin gogoratu izana. Gure elkartea momentu gogorrak igarotzen dituzten emakumez osatuta dago, baina gu ere festa giroan murgiltzeko gogotsu gaude eta baita positiboki bizitzeko ere".

Erasorik gabeko jaiak 

Letek jai hauek osatzeko orduan, berdintasuna asko zaindu dela azpimarratu du. Horren harira, berdintasun teknikaria den Maider Urbietak honakoa adierazi du: "Jaietan ez dira eraso matxistarik ezta LGTBI fobikorik onartuko eta horretarako, prebentzio neurri batzuk hartu ditugu". Erasorik gerta ez dadin, aurreko urtean bezala, emakumezkoei zein gizonezkoei zuzendutako kartelak atera dituzte, non pauta batzuk aipatzen diren. Kartel horiek herriko gune desberdinetan jarrita egongo direla aipatu du Urbietak. Horrez gain, pauta horiek hobeto azaltzeko asmoz, ikasle bergararrek –DBH 3 eta 4.maila eta Batxilergoko ikasleek– profesional batzuen eskutik jasoko dute prebentziorako informazio gehiago.

Tonbola solidarioa 

Ndank Ndank elkarte bergararraren eskutik, ekainaren 8an, tonbola solidarioa egongo da Irala kalean, 17:30etik 21:00etara bitartean. Elkarteko kide den Eli Dominguezek herritarrak animatu ditu tonbolara gerturatzera eta horren harira, honakoa esan du: "Tonbolan jasotako dirua garrantzitsua izango da gure proiektuak aurrera eramateko". 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak