Agur eta esker on mezuak Bergaran, agintaldiko azken osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 28a, 16:00

Jarduneko alkate Elena Letek (EAJ), 12 urtez zinegotzi izan den Agurne Barrusok (EH Bildu) eta azken lau urteotan Irabaziko zinegotzi izan den Aiert Lizarraldek hitza hartu zuten atzoko ohiko osoko bilkuran. Agur eta esker on mezuak izan ziren nagusi, udalbatzako jarduneko hautetsien eta bertaratu ziren herritarren txalo artean.

Agur kutsu nabarmena izan du agintaldi honetako Bergarako azken ohiko osoko bilkurak. Orain arte alkate bezala jardun den Elene Lete EAJko zerrendaburua oposiziora pasako da udal hauteskundeetako EH Bilduren garaipenaren ondorioz, eta lehenik eta behin zorionak eman nahi izan dizkie lortutako garaipenagatik.

Lete: "Harro goaz, harrokeria barik"

Bigarrenik, euren alboan izan diren guztiak ere eskertu nahi izan ditu Letek, udal langileak edota EAJ alderdia. Herriko erakundeei ere eskerrak eman nahi izan dizkie. Euren agintaldiaren balorazioa ere egin du eta adierazi du euren hasierako helburua izan dela irabazi zuten programan zetozen proiektuak aurrera eramatea eta egindakoarekin harro daudela gaineratu du.

Barruso: "Benetako elkarlana erronka polita izango da"

Aurretik alkate izandako eta azken urtetan EH Bilduko zinegotzi izan den Agurne Barrusok, bestetik, ez du udal jardunean jarraituko datozen urtetan behintzat. Udalean lanean ibilitako hamabi urteek askorako eman dutela azpimarratu du eta pozik doala esan du. Udal taldeen artean benetako elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du eta adierazi du datorren agintaldirako erronka polita izan daitekeela hori.

Azken agintaldian Irabaziko zinegotzi moduan jardun den Aiert Lizarraldek ere, zinegotzi kargua utziko du eta gustura lan egin duela adierazi du agurrean.

Zubieta Berri elkartea sortu da

Agur kutsuko osoko bilkura izan den horretan, bestelako gai batzuk ere jorratu dituzte eta horiek izango dira besteak beste, hurrengo agintaldian zehazteko kontuak; Agorrosingo tarifak eta Zubieta kaleko lanak. Hain zuzen, Zubietako bizilagun Jose Sanchezek hitza hartu zuen udalbatzari jakitera emateko Zubieta Berri elkartea sortu dutela eta hurrengo agintaldian kale hori eraberritua izan dadin borrokan jarraituko dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak