ALBISTEAK

'Arrizuriaga Factory' sorkuntza gune berria, Bergarako EAJren apustu garrantzitsuetako bat

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko mai. 20a, 15:26

Datorren agintaldian garatu eta abiarazi nahi duten apustu bat aurkeztu du Bergarako EAJko alkategai Elena Letek: Arrizuriaga Factory. EAJren proposamena da berrikuntza sozial eta kulturalerako sorkuntza gune berria sortzea. Auditorium bat ere egin nahi dute Arrizuriaga parkean.

Talde jeltzaleak Arrizuriaga parkeko herriko jauregi ezaguna berrikuntza digitalerako eta herritarren partaidetzarako gune bihurtu nahi du. Letek azaldu du balio kultural eta naturaleko ingurune batean, Bergarako tradizioak, sorkuntza kulturalak eta herriko elkarteek bat egingo duten espazioa izango dela; berrikuntza soziala, ekimen kolaboratiboak ala coworking egitasmoak bultzatuz, eta teknologia berriekin esperimentatu eta sortzeko aukerak emanez.

Gazte bulegoa ere jarriko lukete bertan, hauxe adierazi du Letek: “Udal zerbitzu hau orain arte ez da Bergararako aurreikusi eta ekipamendu berri honekin asmo hori gauzatu egingo da”. Hala, “lehentasuna” eman nahi zaie gazteen beharrei udal agendan, “ahalegin berezia” eginez, “gazteen eta herriko eragileen arteko –Udala, guraso elkarteak, erakunde eta hezkuntza zentroak– sareak indartu eta espazio berrietan aisialdi arduratsuko ekimenak bultzatzeko”.

Proiektuak, alkategaiak azaldu duenez, eraikinaren eraberritze eta transformazio osoa ekarriko du. Puntako teknologiarekin ekipatuko dute gunea eta hainbat espazio izango ditu sorkuntzarako, topaketarako eta formaziorako.

Auditoriuma ere bai

Parkeak ere eraldaketa sakon bat jasango du eta aire libreko auditorium bat egin nahi dute bertan, ikuskizunetarako eta topaketetarako. Espoloiko kioskoa ordezkatuko luke auditorum berriak.

Interbentzio horren lanak, ingurua errespetatuz egingo direla gaineratu du Letek, zoru eta landaretzara egokituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak