Bergararako proposamenen artean, seminarioko parkinga egin beharra nabarmendu zuen Alberto Alonsok: “Beharrezkoa da, erosotasuna emateko, ez bakarrik Bergaran bizi den jendeari, baizik eta baita beste zenbait zerbitzutara datozenentzat ere, epaitegira, unibertsitatera edo beste edozein gestiotara, automobila uzteko leku bat behar izaten da-eta. Herri honek behar duen erosotasun bat dela uste dut”.
Neurri sozialekin, herrian gehien behar dutenez arduratuko direla ere esan zuen Alonsok.
Denis Itxasok, bestetik, sozialistek ezkerreko politikak erakundeetara eramateko gaitasuna erakutsi dutela azpimarratu zuen: "Argi dagoena da, Alderdi Sozialistaren ekarpenagatik izan ezean, EAJk eskuinera egingo zukeela, eta nik uste dut Gipuzkoak nahi duela ezkerreko politika progresistak egitea. Horrek esan nahi du: duintasuna lanaren munduan; aldaketa klimatikoari aurre egin, ez bakarrik guk ere ekarpen bat egin behar dugulako horretan, baizik eta horren inguruan ere aukerak egon daitezkeelako, enplegu berdeak, elektromugikortasuna, birziklapena bera ere industria bihurtzen ari da eta ematen du aberastasuna sortzeko aukera; eta berdintasuna".
Egitasmo zehatzei dagokienez, Itxasok gogora ekarri zituen egindako eta egiteko batzuk: "Bidegorriak dira modu alternatibo bat bertebratzeko lurraldea, batez ere barnekaldean. Eibar eta Elgoibar artean, Maltzagatik pasata, ari gara egiten bidegorria; garestia da, baina apustua egin dugu, beharrezkoa delako. Azpiegiturez hitz egiten dugunean, halako azpiegiturek ere merezi dute protagonismoa kanpainan. Eta, bestetik, agintaldi honetan inbertsio ederra egin dugu Gipuzkoako Aldunditik, Kultura departamentutik, hemen aurrean dugun Seminarixoan. Bergarak kultura arloan duen indar horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko egin dugu, halako espazio baten beharra zegoelako".