San Lorentzo-Zubieta eta Matxiategi lotzeko oinezkoendako pasarela berri bat egingo duela iragarri du, gaur, Elena Lete Bergarako EAJ-ko alkategaiak, ardatz horretarako beste hobekuntza batzuk iragartzearekin batera.
Eskola zaharra dagoen eremua birkalifikatzea eta bertan etxebizitza berriak egitea aurreikusten dute: “Auzoa biziberritzeko, Zubietako eskola birkalifikazio baten bitartez etxebizitzak planteatzea da asmoa, eta jende gaztea ekartzea”, adierazi du Elena Lete Bergarako EAJko alkategaiak.
Tartean, eta bereziki Zubieta kalean, hutsik dauden lokal batzuk botatzea ere aurreikusten dute espaloiak zabaltzeko. “Lehengo tailer zahar batzuk zirenak, eta gaur egun erabiltzen ez direnak botatzea da asmoa. Horien erosketa hasiko gara kudeatzen eta baita botatzeko prozesua. Horren bitartez, espaloiak eta loturak askoz hobeak izango dira…".
Bizilagunen eskaera
Gogora ekarri behar da Zubietako zubia birgaitzeko lanak hasi zirenean azaleratu zirela bertako bizilagunen beharrak, bereziki irisgarritasuna eta segurtasunarekin zerikusia dutenak. Auzoak urbanistikoki XXI. mendea ezagutu dezan proiektu integral batera finantziazioa gordetzen hasteko eskatu izan dute bertako bizilagunek.