Seminarioko parkingarekin aurrera, "lan handienak" oporraldian gauzatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 9a, 15:22

Kontratazio mahaiak hilabete beharko du proiektuaren exekuzioa enpresa bati esleitzeko eta Gobernuak dio uztailean zuloa egiten hasi eta urtebetera amaituko dela parkingerako obra; Aste Santu aurretik abiatutako kolektoreko lanak "oso ondo" doazela adierazi dute. Bestalde, Aranzadi ikastolako guraso talde batek obra etetea eta "gogoeta egitea" eskatu du.

Seminarioko parkinga eraikitzeko prozesua hilabete erabakigarrian sartu zen atzo, maiatzak 8, zein enpresak exekutatuko duen erabakitzeko hilabete izango duelako orain Udaleko kontratazio mahaiak. Proiektua exekuziorako adjudikatu ostean, Udal Gobernuak gaur goizean egindako agerraldian iragarri duenez, uztail hasieran hasiko dira errotazio bidezko 86 aparkalekuetarako zuloa egiten.

Eta lanak uztailean hasita, Gobernuak kalkulatzen du gehienez urtebete iraungo dutela parkinga bera egiteko lanek.

Gaur egun martxan dauden kolektorea egiteko obrak eta parkingaren osteko urbanizaziorako lanak kontuan hartu barik, proiektuaren aurrekontua 1.820.948 euro da.

"Lan handienak" oporraldietan

Aranzadi Ikastolaren oporraldiak aprobetxatu gura ditu Gobernuak "lan handienak" egin eta afekzioa ahalik eta txikiena izan dadin –ur zikinen biltzailerako lanik handienak Aste Santuko oporretan egin ziren–. Hala, uztailean hasiko balira lanak, lehen zulaketak ikastolaren fatxadatik hasiko lirateke, eta Ibargarai kalerantz hedatzen joan.

Makina hondeatzailea lanerako gertu, seminarioko patioan.

Diotenez, afekzioak txikitzeko asmoz, eraikuntza sistema ere aldatu dute, eta mikropilotaje bidez egin beharrean zimendu-lauza sistema erabilita egingo dute: "Asmoa ez da zulo handi bat egin eta gero hormigoia botatzea, baizik eta progresiboki egitea, kolektorearekin moduan; obra pasatu beharreko trantze bat izango da, baina, gerora, Aranzadi izango da onuradun nagusia", dio Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik.

Hain justu, Elena Lete alkateak adierazi du kolektorerako lanak, Artzamendi enpresako teknikarien arabera, "oso ondo" doazela: "Espero dugu hurrengo faseak ere lehen hau bezain ondo joatea".

Lete: "Ekarpenak jorratu ditugu"

Alkatearen arabera, parkinga egiteko proiektuaren barruan gutxieneko urbanizazio lan batzuk aurreikusten badira ere, aurrerago zehaztuko da proiektu zehatza; BEB enpresak hainbat aukera idatzita utzi ditu. "Urtebete inguru egongo da aztertzeko eta proiektu zehatza aukeratzeko".

Alkateak azpimarratu du proiektu hau aspalditik datorrela eta aurrera jarraituko dutela: "Proiektu honetan bereziki jorratu ditugu ekarpenak jasotzeko bideak, modu zabalean, sakonean eta iraunkorrean. Ekarpen horiek jaso, aztertu eta asko proiektuan txertatu ditugu, eta hori egiten jarraituko dugu. Prozesua oso aberasgarria izan da, bereziki Aranzadirekin, eta harridura handiz hartu dugu bertako kolektibo batzuek obra eteteko egin duten eskaera".

Letek gaineratu du "uneoro" eman dute proiektuaren berri: "Udaletxean, osoko bilkuretan, herrian zein eragileekin egindako batzarretan. Gainera, jakinda aipatutako foro horien berri herritar guztiek ez dute izatean eta horregatik prentsa bidez era iraunkor baten informatu dugu proiekturen aurrerapausoez".

Elena Lete: "Proiektu honetan bereziki jorratu ditugu ekarpenak jasotzeko bideak, modu zabalean, sakonean eta iraunkorrean.

Guraso talde bat sinadurak batzen

Apirilaren 29ko osoko bilkuran, Patixuan aparkalekurik ez! izena hartu duen Aranzadiko guraso talde batek udalbatzari eskatu zion proiektua gelditzeko. Gobernuaren erantzunaren aurrean, sinadura bilketa bati ekitea erabaki zuten; bilketa horren gaineko balorazio publikoa aurrerago egingo dute, baina herritarren artean aparkalekuaren gaineko eztabaida ireki izanarekin pozik daude.

Larraitz Uribesalgo (Patixuan aparkalekurik ez!): "Errotazio bidezko 86 aparkalekuk herriko aparkaleku arazoa ez dute konponduko"

Hausnarketa hori bultzatzen jarraitu gura dute, guraso talde horretako bozeramaile Larraitz Uribesalgoren arabera: "Zergatik ez da azterketa sakonik egin gaur egun aparkaleku beharrak zeintzuk diren aztertzeko? Eta mugikortasun planarekin zer? Proiektu honen bideragarritasuna beste proiektu batzuekin alderatzen badugu, beste kokapen baten eta plaza gehiagorekin? Errotazio bidezko 86 aparkalekuk herriko aparkaleku arazoa ez dute konponduko, eta erdigunean hainbat arazo sortuko dituela uste dugu, zirkulazio gehikuntzari lotuta. Herri moduan atzera joango gara proiektu zahar honetan tematzeagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak