ALBISTEAK

Elena Lete: "Euskalduna, parekidea, inklusiboa eta ekintzailea da gure proiektua"

Amaia Zabala 2019ko mai. 5a, 14:41

Bergarako EAJ udalerako hautagaien aurkezpen ekitaldia egin du gaur 12:00etan Munibe plazan. Bertan parte hartu dute, Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak, Joseba Egibar, Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak eta Elena Lete, Bergarako EAJren alakategaiak. Ekitaldian Debagoieneko alderdikideak eta hautagaiak ere egon dira.

Ekitaldian, hautagaitza osoa ezagutzera eman du Elena Lete zerrendaburuak eta azpimarratu du alboan izango duen lantaldea "ilusioz eta indarrez beteta datorrela Bergarari bultzada emateko, herriko elkarte sare zabalarekin lankidetzan arituz". Gaineratu du, taldea "ideia ilusionagarriz josita datorrela Bergarako Udalean hasitako ibilbidearekin jarraitzeko, herria etorkizunera begira lehen lerroan kokatzeko, indarguneetan sinistuz eta aurrera begira".

Esker hitzak izan ditu, lehenik eta behin Letek, bozetan zerrendako kide izango dituen herritarrentzat. 19 emakume-gizon, "auzo, adin, sentsibilitate eta arlo ezberdinetatik datozenak", baina "guzti guztiak ikuspuntu aberasgarri eta baliotsuak" dituztenak, alkategaiak azpimarratu duenez. Talde honek, "gure ondorengoei herri hobe bat laga nahi dien proiektuari" bultza egingo dio, "bizikidetzan oinarria duen Bergara bat", "euskalduna, parekidea, inklusiboa eta ekintzailea", Lete beraren hitzetan. Agindu duenez, "eraginkortasunean eta sentsibilitatean oinarrituko den kudeaketa" izango da EAJrena.

Bestalde, behin eta berriz azpimarratu du Bergarako EAJk "konpromisoa erakutsi" duela eta "hitza bete" duela legealdi honetan eta horren adibide, esaterako, Seminarioko patioko lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko egindako apustua aipatu du Letek: "Herritarren gehiengoak horrela nahi izan du eta, horregatik, lanean irmo jarraitzeko konpromisoa hartu dugu".

Legealdi berrian begirada jarriz, Letek aipatu du Agorrosingo zelai berria egiteko lan egingo dutela, Bergarako Kirol Elkartearekin batera. Hain justu, proiektuak aurrera atera eta konpromisoak betetzeko, elkarlana eta partaidetza jarri ditu alkategaiak datorren legealdiko zutabe gisa: "Orain arte egin dugun moduan, herritarren partaidetza bultzatzen jarraituko dugu, herritarrei hitza ematen eta herritarrei entzuten".

Konfrontazioa edo adostasuna

"Datozen foru hauteskundetan, konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du Gipuzkoak, ezker abertzalea edo EAJ. Denok dakigu nolakoa izan den iragana; etorkizuna, bere aldetik, herritarrengandik gertu egotea da, etengabeko harremana izatea, entzute aktiboa, elkarlana… etorkizuna EAJ da". Hala adierazi du gaurko ekitaldian Markel Olano diputatu nagusi izateko hautagaiak.

EAJ, abertzalea

Joseba Egibarrek, berriz, nabarmendu du herri batek, nazio batek, "herrigintza" behar duela: "Azken hamarkadatan bi estrategiak talka egin dute, baina gaur egun ezker abertzaleak jada ez du bere burua abertzaletzat, ezker independentistatzat baizik; eta hori Arnaldo Otegik berak esana da. Beraz, EH Bilduk jada ez du aberria aipatzen. EAJn berriz, abertzaleak gara gauza guztien gainetik, abertzalea izatearen oinarria pertsona bera delako, bere giza eskubideekin, edozein gauzaren gainetik".

Hautagaitzaren zerrenda

Bergarako Udalerako EAJren hautagaitzaren zerrenda osoa hemen:

  1. Elena Lete García. 54 urte. Arkitekto teknikoa.
  2. Maite Agirre. 31 urte. Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziaduna.
  3. Lander Arregi. 56 urte. Nekazaritza ingeniaria.
  4. Irune Galarraga. 44 urte. Erizaina.
  5. Angel Murgiondo. 60 urte. Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziaduna. Bankuko langile aurre-erretiratua.
  6. Esther Ortiz de Zarate. 42 urte. Gizarte Lanean lizentziaduna. Osakidetzako langilea.
  7. Joseba Elosua. 56 urte. Albaitaritzan lizentziaduna. Enpresa zuzendaria.
  8. Martin Etxaniz. 55 urte. Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziaduna. Kooperatiban, Finantza zuzendaria.
  9. Iñaki Arrondo. 42 urte. 3 Modulu mekanikoa y SR3 elektronikoa. Ontzi-garbigailu konprobatzailea.
  10. Gema Zenitagoia. 55 urte. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna. Bankuko langilea.
  11. Josu Ormaetxe. 24 urte. Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi-teknikaria. Kooperatiban teknikaria.
  12. Markel Ena. 44 urte. Nekazaritza ingeniaria. Kooperatibako langilea.
  13. Nekane Alvarez. 60 urte. Administrazio teknikari komertziala. Zerbitzuen eta Giza Baliabideen arduraduna.
  14. Maritxu Barrena. 64 urte. Teknikari administratiboa. Erretiratua aktiboa.
  15. Iñigo Jauregi. 54 urte. Antolaketako Ingeniari Teknikoa. Ingeniaritzako Zuzendari Komertziala kooperatiban.
  16. Bittor Gorrotxategi. Erretiratu aktiboa.
  17. Izaskun Labaien. 57 urte. Irakaslea.
  18. Jose Ramon Gantxegi. Erretiratu aktiboa.
  19. Felicidad Armiño. 47 urte. Kazetaritzan lizentziaduna. Merkataritzako langilea.
  20. Igor Oiarbide. 43 urte. Antolaketa Industrialeko goi-ingeniaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak