Elena Lete alkategaiak agintaldiaren hasierak gogoratuz hasi zuen prentsaurrekoa, "ilusioz eta herri bat aurrera eramateko indarrekin" hasi zutela argituz: "Partaidetzaren aldeko apustua egin genuen hasieratik eta lau urte hauetan partaidetzazko 21 prozesu jarri ditugu martxan".
Horretaz gain, herri galdeketak izan zituen hizpide Lete andereak, zabor jasotze sistemaren inguruan eta Boluko frontoiaren estalduraren inguruan egin direnak hain zuen: "Oso emaitza onak eman zituzten biek, entzule aktiboak izan ginen eta galdeketa horri esker herriaren edo auzoaren nahia zein zen jakin genuen eta ondoren bete egin dugu nahi hori".
Enpresa eta enplegua
Ekonomia, enpresa, enplegua eta sustapena agintaldiaren ildo estrategikoak izan direla eta horregatik arlo hauen inguruko foru guztiak "elikatu" dituztela, Bedelkar, Enpresare eta Berelan argitu zuen Letek. " Oso garrantzitsua izan da guretzat Candyko enpresagunearen bilakaera esaterako, bederatzi urte hutsik egon ostean, Gureakek hartu du bere gain eta bere proiektu enpresarialari hasiera eman dio. Gizarteratze prozesuetan Gipuzkoan garrantzia handia daukan proiektua gainera". Gureaken proiektuaz gain Soraluce eta Ederlan enpresen sustapenak eta Larramendiko industraildearen funtzionamendua ere hizpide izan zituen.
Kultura eta ondarea
Kultura ere agintaldiko politiken oinarrietako bat izan dela azaldu zuen Elena Lete alkategaiak, horren adibide Udal txistularien banda, herriko jaixak, 750.urteurrena, iraileko kontzertu erraldoia, Seminarixoko proiektua eta Europaren izendapena aipatu zituen. "Kultur arloan esfortzu eta lan asko egin dugu legealdi honetan eta hori emaitzetan ikusi da".
Lurrazpiko aparkalekua
Proiektu izarren artean Seminarixoko parking-a aipatu zuen Lete andereak: "30 urtez itxaron dugu bergararrok lurrazpiko parking hau eta espero dugu hemendik urtebetera martxan egotea denon disfruterako eta gure ekonomiarako motor bat izatea". Lurrazpiko aparkalekuarekin jarraituz herriaren erdiguneari "balore erantsi bat" emango diola eta auzoetako jendeari ere erdigunera etortzea erraztuko diola azpimarratu zituen Letek.