Aste bukaeran hasiko da Seminarixoan zinema komertzialaren eskaintza. Barikutan, domeketan eta astelehenetan eskainiko dituzte filmak: barikuan 22:00etan; domekan, 17:30ean eta 19:30ean; eta, astelehenean 20:30ean. Domeketako 17:30etako emanaldia haurrei zuzendutakoa izango da, eta astelehenetakoa ikuslearen eguna izango da.
Emanaldiak
Filma | Eguna |
Soinujolearen semea | Maiatzaren 3an, 5ean eta 6an |
Alfonbra magikoa | Maiatzaren 5ean |
Las invisibles | Maiatzaren 12an eta 13an |
Mia y el leon blanco | Maiatzaren 12an |
Vitoria, 3 de marzo | Maiatzaren 17an, 19an eta 20an |
Wheely, atrapalo si puedes | Maiatzaren 19an |
La pequeña Suiza | Maiatzaren 26an eta 27an |
Dragoi Bola, Super Broly | Maiatzaren 26an |
Dantza | Maiatzaren 31n eta ekainaren 2an eta 3an |
El parque magico | Ekainaren 2an |
Prezioak izango dira: helduen zinema emanaldia 5 euro, haurrena 4 euro eta astelehenetako emanaldia 4 euro. Sarrerak sarean eros daitezke, eta leihatilan emanaldia baino ordubete lehenago.
Domekan, Soinujolearen semea emanaldiaren ondoren Bernues eta Gabilondo zuzendariekin solasaldia egiteko aukera egongo da; eta, Telmo Esnal ere Seminarixoan izango da Dantza filma aurkezten, hil bukaeran.
Udan etenaldia egongo da
Maiatzeko zinema eskaintzaren ondoren, udan etenaldia egingo dute eta urrian itzuliko da berriro ere zinema eskaintza: "Udan kultura eskaintza kalera ateratzen dugu; aretoa itxi egingo dugu eta hori da emanaldiak eteteko arrazoia", azaldu du Elena Lete alkateak.
Bestalde, eguaztenetan Zabalotegi aretoan egiten diren zineklub emanaldiak ere aurrerantzean Seminarixoan egingo direla azaldu dute.
Ohiturak berreskuratzea
Bergarako zinemagile eta zinemazale Asier Altuna Kixi-k ere izan da eskaintzaren aurkezpenean. Pozik azaldu da zinema eskaintzarekin, baina kezka ere adierazi du: "Horrelako inbertsioa egin ondoren, eta hainbeste urte zinema barik egon ostean, ea lortzen dugun herritarrak berriro ere zinemara erakartzea".
Azaldu du egokia izango litzatekeela gazteei zuzenduta, astean zehar, ikastetxeekin batera eskaintza bat antolatzea: "Gazteek ez dute zinemaren erreferentziarik, 15 urte areto barik egon ostean".
Gaineratu du zineklub bat antolatzea gustatuko litzaiokeela, eta horretarako, interesa duten herritarrak animatu ditu Kixi-k.