Bergarar bat atxilotu dute Donostiako sutearekin zerikusia duelakoan

Mirari Altube Arrese 2019ko api. 8a, 17:06

Hutsik zegoen Donostiako eraikin batean sutea izan zen joan den martxoan, eta sute horren ondorioz lagun bat hil zen eta beste bi zauritu. Eguenean, ustezko egilea atxilotu zuen Bergaran Ertzaintzak, eta hori Martutenera bidali du gaur, epaileak.

Atxilotutakoa Bergaran bizi den 49 urteko gizonezkoa da, Ertzaintzaren esanetan su hartu zuen etxebizitza horretan bizi izandakoa sasoi baten bikotekidearekin batera. Orain urruntze agindua du gizonezko horrek, eta hain zuzen etxeari su eman izanaren arrazoia mendekua izan daitekeela uste du Ertzaintzak.

Hasieratik susmagarria

Martxoaren 1ean, 05:30ak inguruan, gertatu zen sutea Donostiako Zubiberri bidean utzita dagoen eraikinean, eta erabat txikituta geratu zen. Etxegabeek erabili izan dute hori, babes hartzeko, eta sutea sortu zen unean hiru gizonezko zeuden lotan bertan. Horietako bik zauriak eta erredurak izan zituzten eta Donostia ospitalera eraman. Hirugarren gizonezkoa, ostera, eraikinaren goiko partean zegoen lotan eta su-garrek harrapatu zuten. Suhiltzaileek topatu zuten erabat erreta.

Ikerketa abiarazi zuten orduan Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko eta Ikerketa Kriminaleko kideek, eta segituan antzeman zuten nahita sortutako sutea izan zela. Bergaran atxilotutakoa izan da susmagarri nagusia hasieratik, eta horrek gertakariaren aurreko asteetan egindako mugimendu guztiak jakin ahal izan dituzte ertzainek; otsailaren 28an iritsi zen Donostiako autobus geltokira eta sutearen ondoren trenean alde egin.

Sutea sortzeko erabilitako erregaia zelan lortu zuen ere jakin dute; hirugarren lagun bat erabili zuela horretarako adierazi dute Ertzaintzatik, hirugarren horrek zertarako behar zuen jakin barik. Gasolina arrastoak ere jaso dituzte erretako eraikinaren hondarretan. 

Ertzaintzak eguenean, apirilaren 4an, atxilotu zuen gizonezko hori eta egotzi zioten sutea sortu izana, zauriak eragin eta erailketa. Egubakoitzean, Donostiako 3. Epaitegiaren esku utzi zuten, eta Martutenera bidali du epaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak