Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, egiaztatuta dago Bergaran xiringen bidezko drogen kontsumoa gutxiengoa dela beste droga kontsumoekin alderatuta, baina kontsumo hori egon badagoela diote eta tamalez hainbat xiringa agertu direla hainbat leku publikotan.
"Udalaren kezka bikoitza da gaur egungo umeek eta gazteek ez dituztelako bizi izan heroinaren kontsumo handiko garaiak eta xiringekin ziztatzeak izan ditzakeen arriskuen gaineko ezjakintasuna izan dezatelako. Hori horrela izanda, Udala, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta herriko osasun eragileak elkarrekin lanean dabiltza; xiringak batzeko prozedura martxan jarri da; eta herriko ikastetxeen bitartez adin txikikoen gurasoei eta ikasle nagusiagoei honen gaineko informazioa ematen dabil Udala", gaineratu dute.