Apirilean Musika jaialdiaren XV. edizioak 33 ekitaldi izango ditu

Amaia Zabala 2019ko mar. 25a, 13:32

Bergarako musika eta dantza eskolak eta Bergarako Udalak apirilean musika jaialdiaren XV. edizioa aurkeztu dute gaur goizean Musika Eskolan. Aurtengo edizioa 33 ekintzak osatuko dute eta ohiko kontzertuez gain, ikastaroak, ipuin musikatuak, elkartrukeak eta kontzertu didaktikoak ere izango dira.

XV. edizio honi ‘Arratsalde bat Operan’ emanaldiarekin emango diote hasiera martxoaren 30ean 18:30ean. Ekitaldi hau antolatzen duten 3.urtea da eta aurten lehen aldiz Seminarixoan izango da. Ugaldek azpimarratu du punta-puntako abeslariak izango direla bertan: "Vienan estreinatutako luxuzko produkzioa izango da proiektatuko dena, 'Pucciniren La Bohème opera hain zuzen. Punta-puntako abeslariak izango ditugu gainera, Anna Netrebko eta Piotr Beczala esaterako. Azpimarratzekoa da ekitaldia doakoa izango dela.

Emanaldiez gain, ikastaroek ere pisu handia izango dute aurtengo edizioan, denetariko bost ikastaro antolatu baitituzte: musika familia tailerra etxeko txikienentzat eta hauen gurasoentzat, nagusientzako musikoterapia tailerra Maite Vicuña irakaslearen eskutik, ikusi, entzun eta asmatu tailerra instrumentu bat ikastea pentsatzen ari diren haurrentzat, beatbox tailerra 10 urtetik gorakoentzat eta azkenik haize metal instrumentuen ezagutza eta mantenuaz ikastaroa Francisco Camacoren eskutik. Ugaldek azpimarratu nahi izan du ikastaro hauek irekiak direla eta herritar guztiei daudela zuzenduta.

Eta urtero bezala haurren abesbatzaren eskutik ipuin musikatuak ere  izango dira, Kriskitin ametsaren bila emanaldia eskainiko baitute: 'Ahotsak leku berezia izaten du beti 'Apirilean musika' jaialdian, izan ere, 5 urtetik 13 urtera bitarteko 100 haur dauzkagun egun bi abesbatzatan banatuta'.

XV. edizioa aurtengoa

Marije Ugalde, Bergarako Musika Eskolako zuzendariak gogorarazi du, duela hamabost urte herritarrei musika eskolak egiten zuena "erakusteko" eta herriak eskolarengatik egiten zutena "bueltatzeko" asmoarekin hasi zirela Apirilean Musika jaialdia antolatzen. Elena Lete Bergarako alkateak bere aldetik Musika Eskola zoriondu du Udalarekin elkarlanean jaialdi hau antolatzen eginiko lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak