"Herritarrendako programa batekin gatoz, eta ez hormigoiaz eta kontratazio publikoaz bizi diren enpresei begirako programa batekin". Hitz horiekin laburbildu du Bergarako Ahal Dugu-Podemosen alkategai Jose Maria Sasietak udal hauteskundeetara begira aurkeztuko duten programa.
Programarekin batera, ondoan izango dituen hautagaietako batzuk aurkeztu zituen Sasietak: Sandra Barrena, Inocencio Peñalba, Basilia Korta eta Juan Carlos Melgar izan ziren, besteak beste, atzoko ekitaldian.
Programa, "ikuspegi sozialean oinarrituta"
"Ikuspegi sozialean oinarritutako" programa da Sasieta zerrendaburu duena eta gaurko aurkezpenean iragarri dituztenean artean askotariko neurriak proposatu dituzte. Besteak beste, Zubieta, Osintxu eta Zubiarre-Martoko auzoen biziberritzea; Boluan eta Zubiarre-Martokon gazteendako zein erretiratuendako lokalak irekitzea; maskotendako gune berriak egokitzea; paperontzi gehiago jartzea; bertako merkatariei laguntzeko tasak eta zergak jaistea komertzio berri bat irekitzen duenari; merkataritza-gune handiak ekidin; autobus urbanoa landa-auzoetara ere eramatea. "Proposamen inklusiboak, ekologistak, feministak eta sozialak egingo ditugu eta ahaztuta dauden auzoak eta merkataritza txikia defendatuk ditugu", gaineratu dute.
Oraingoz, bakarrik
Izan ere, gobernuan sartzeko asmoz aurkezten dira maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara: "Ahal Dugu-Podemos moduan bakarrik aurkeztuta, Bergaran bi edo hiru zinegotzi ateratzea espero dugu". Sasietari beste talderen batekin aurkeztuko den galdetuta, honako hau dio: "Baliteke oraindik akordioren bat lortzea Irabazirekin edo beste talderen batekin aurkezteko, baina oraingoz ez dago akordiorik eta beraz, bakarrik aurkeztuko gara oraingoz".