Boni Laskuraineko gizarte etxea San Joxepe elkarteak kudeatuko du aurrerantzean ere

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko ots. 27a, 15:23

Bergarako Udalak eta San Joxepe elkarteak hitzarmena sinatu dute, Boni Laskuraineko gizarte etxea kudeatzeko. Udalak erabaki du hirugarren adinekoentzako jarduerak antolatzeko Boni Laskurainen dagoen gizarte etxeak zerbitzu hori ematen jarraitzea; eta hitzarmen horren bitartez, San Joxepe elkarteak berau kudeatzea.

Udaletik azpimarratu dute San Joxepe oso elkarte garrantzitsua dela herrian, 1.665 bazkide dituena, "eskarmentu handikoa" eta edozein eragilerekin elkarlanerako "beti prest" dagoena. Horregatik, Udalak erabaki du hirugarren adinekoentzako jarduerak antolatzeko Boni Laskurainen dagoen gizarte etxeak zerbitzu hori ematen jarraitzea; eta hitzarmen horren bitartez, San Joxepe elkarteak berau kudeatzea.

Bete beharreko konpromisoak

Udalak doan uzten dio gizarte etxea San Joxepe elkarteari, eta trukean elkarteak hainbat konpromiso bete beharko ditu. Hauxe azaldu du Bergarako alkate Elena Letek: “Esan dudan moduan, kudeaketa euren eskuetan geratzen da. Euren gain gelditzen dira baita ere kultur, kirol eta aisialdiarekin lotutako hainbat gizarte-onurako jarduerak antolatzea. Eta noski, ez bakarrik hirugarren adineko arlo horretan, baizik eta, betidanik eskatu izan dugu herriko bizitza kulturalean, jaietan eta abar parte hartzea, eta beti gainera erantzun oso ona jaso izan dugu”.

Bestalde, Udalak ere bere gain beste konpromiso batzuk hartu ditu, gehien bat horniduraren ingurukoak. Hainbat gastu ordaintzeko dirulaguntza emango die, esaterako; argindarra, gasa edota garbiketa gastuendako.

Inbertsioei dagokienez, oraindik aztertzen ari dira, baina aurrekontuetan zehaztuta eta onartuta ez dauden arren, laster argiterien moldaketa bat egiteko asmoa dute Udaletik; solairuka, led argiztapena jartzeko asmoa dute, 14.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Eta bestetik, aztertzen ari dira leihoak aldatzea.

San Joxepetik, batez ere bi behar horiek azpimarratu dituzte hitzarmena sinatzerakoan, eta Udalari eskerrak ere eman nahi izan diote: “Hilero antolatzen ditugu ekintzak; hitzaldiak, bidaiak… Udalari eskerrak eman beharrean gaude askotan lagundu egiten digutelako edota medioak jartzen dizkigutelako guk ekintza horiek egin ahal izateko”, adierazi du San Joxepe elkarteko presidente Jose Ramon Egurenek.

Asteleheneko osoko bilkuran onartu zen hitzarmena sinatzea, eta bertan irten zen zalantza bat ere argitu nahi izan dute Udaletik. Jakinarazi dute, lokalen erabileraren ikuspuntutik, posible dela herriko beste talde batzuk horiek erabili ahal izatea, eta horretarako, San Joxeperen eta Udalaren oniritzia jasoko luketela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak