Bergaran, hainbat elkarterekin eta ekimenekin elkarlanean antolatu dute martxoaren 8ko egitaraua. Udalak, Bedelkarrekin, Zinegoak-ekin, Emakumeen Biharra kolektiboarekin eta Korrikarekin lotu du, besteak beste, datorren hilabete guztian zehar herrian egingo diren ekintzen egitaraua. Emakumeen Nazioarteko Eguna behar bezala aldarrikatzeko antolatu dituzte hain justu, hilabete guztirako ekintzak, lelo honekin: "Aurtengo martxoak 8ko leloa da Bizitzak erdigunera eta guk lelo hori Bergarara ekarrita eta egokituta, Denon ardura, emakumeak erdigunera, egin dugu. Hain zuzen ere, gizartean partekatuta ez dauden hainbat lan ikusgarri egin nahi ditugu, guztion artean banatzeko, erdigunera ekarri nahi ditugu. Eta erdigunera eraman nahi ditugu, baita ere emakumeok sufritzen ditugun hainbat bidegabekeri", azaldu du Bergarako Udaleko Berdintasun teknikari Maider Urbietak.
Martxo osoan udaletxean, Irizar jauregian, liburutegian eta Agorrosinen Udaleko Berdintasun Planaren gakoak azaltzeko panelak jarriko dituzte eta Bedelkar merkatarien elkarteko hainbat negoziori esker, giltzarri bereziak ere banatuko dituzte herritarren artean. Bedelkarrekoek, iaz jarri zuten ekimenaren antzerako bat ere abiaraziko dute. Hauxe adierazi du elkarteko presidente Maitane Azkaratek: “Kartel batzuk egin ditugu, Emakumeen Eguna babesteko. Inguruko emakumeak azaltzen diren artxibotik ateratako argazki batzuk erabiliko ditugu esaldi batzuekin. Dendaz denda ikusteko, erakusketa moduko bat jarriko dugu”.
Martxoko egitaraua
- Martxoak 6, 20:00etan Zabalotegin, zinekluba. 2019ko Zinegoak-en film laburrak: Anders, Vidi Ja Ti Nea, Devi, Malik, Oasis, Nomeolvides.
- Martxoak 7, 18:30ean, KLIKA, Emakumeok korrika, Korrika batzordeak antolatuta. San Martin plazatik abiatuko da eta hau izango da ibilbidea: Bidekurutzeta, San Pedro kalea, Artekalea, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Fraiskozuri, Zurradero, palmerako biribilgunea, Ibargarai, Herri Lagunak, D.Irala, Irizar, Barrenkalea, San Martin plaza.
- Martxoak 7, 19:30ean, Aroztegi aretoan, Emakumien biharra erakusketaren irekiera. Antolatzailea Emakumien biharra kolektiboa da eta martxoaren 24ra bitartean egongo da zabalik.
- Martxoak 8, 24 orduko greba deialdia. Bizitzak erdigunera lelopean.
- Martxoak 10, Lilatoia Donostian.
- Martxoak 12, 19:00etan hitzaldia Irizar jauregian. Emakume eta antifrankista, zigor bikotza: Saturrarango espetxea izenburuko hitzaldia. Antolatzailea: Korrika batzordea.
- Martxoak 13, 20:00etan Zabalotegin, zinekluba. Girls Rising.
- Martxoak 17, 19:00etan, Seminarixoan monologoak. Bakean dagoena bakean utzi.
- Martxoak 27, 20:00etan, Zabalotegin, zinekluba. Girl.
Martxoaren 8an, zer?
Martxanterak taldeak, Bergara mailako asanblada bat osatu du martxoaren 8ko egunaren harira, eta egun guztiko greba izanik, hainbat ekintza antolatu dituzte Emakumeen Egunerako.
- 10:00etan zarata aterako dute erdigunetik kanpora, hau da, azoetara mugituko dira eta auto karabanak egingo dituzte.
- Trikiti doinuak lagun, beste kale batzuetatik ere mugituko dira.
- 12:00etan elkarretaratzea egingo dute San Martin plazan.
- San Martin plazan jarraituta, kantu-bazkaria egingo dute bertan. Bakoitzak ekarri beharko du bere bazkaria, nahiz eta erdigunean ere egongo den bertaratzen direnak zaintzeko lapiko komun bat eta nahi duenak hortik ere hartu ahal izango du jana.
- Horren ostean, mahai-inguru bat egingo dute herriko hainbat esperientzia partekatzeko.
- 19:00etan manifestazioa.