Kartzela zaharreko aretoa lepo bete zen atzo iluntzean Toledoren eta Otxotorenaren arteko hitzaldia entzuteko. Venezuela ondo ezagutzen dute biek eta han gertatzen denaz eta hango testuinguruaz berba egin zuten atzokoan.
"Ez da Irak izango, Vietnam izango da"
Toledok azaldu zuen 2003ko egoera berean gaudela, "Irak inbaditu zuten garaian moduan". "AEBetako Gobernu ez ipurgarbitzailea gutxienetakoa da Venezuela; eta, horrez gain, baliabide natural ugari ditu: petrolioa, diamanteak, urrea, zilarra... gainera, AEBetatik bi mila kilometrora besterik ez dago", azaldu zuen. Toledoren ustez, egoera hau geldi dezaketen bakarrak Txina eta Errusia dira –militarki aurre egiteko gauza diren bakarrak–. "Ez badute hau geratzen Irak bat ez, Vietnam bat izango da hura", gaineratu zuen.
Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak izan duten jarreraren aurrean, Toledok esan zuen Espainiako Gobernua betidanik izan dela AEBen zuritzailea: "Aznarrek egin zuen berdina egingo du Sanchezek ere. Gainera, nazkagarria iruditzen zait Sanchezek ultimatuma ematea Madurori: legezko presidentea da Maduro, sei milioi boto izan zituen", esan zuen.
"Militarrak chavismoarekin daude"
Venezuelan bizi den euskalduna eta chavista da Otxotorena. "Hemengo berrietan Venezuela Afrikako herrialde baten moduan irudikatzen dute, eta hori ez da horrela. Han jendea pozik bizi da", azaldu zuen oreretarrak.
Egun hauetako berria da Kolonbiarekin muga egiten duen Tienditas zubiaren inguruan gertatzen ari dena. Giza laguntza bidali nahi du Guaidok Venezuelara, baina Venezuelako gobernuak ez die mugatik pasatzen utzi nahi: "Ez dago horrelako zerbait egiteko eskubiderik. Zer gertatuko den ez dakit, baina herriaren kontra egingo dute. Badakite Venezuelan ez dela golpe bat gertatuko, militarrak chavismoarekin daudelako, horregatik kanpotik sartu nahi dute presioa", azaldu du Otxotorenak.
Hitzaldia entzutera joandakoek galderak egiteko aukera izan zuten amaieran, eta solasaldia sortu zuten. Amaieran, familia argazkia egin zuten hizlariek eta entzuleek.
Willy Toledo eta Agustin Otxotorena, hitzaldira joan ziren herritarrekin.