Bilera Irizar Jauregian izan zen, eta duela hiru aste antzuolarrek bezalaxe, bergararrek ere interes handia azaldu zuten, 45 bat lagun bildu baitziren.
Aintzane Oiarbide diputatu nagusia pozik azaldu zen, bi urteko obren ondoren, aurreikusia zuten bezala, martxoaren amaieran zabalduko dutelako autobia. Diputatuak azpimarratu zuen errepide berri honi esker Bergara puntu estrategiko biuhurtuko dela.
Gaineratu zuen, autobia berri honekin Gipuzkoako biribilgunea proiektua, hau da gaitasun handiko errepideen sarea, amaitutzat emango dutela.
Diputatuaz gain, Silvia Perez, Errepideetako foru zuzendaria eta Agustin Lopez, Deskargako obren arduradun nagusia ere bertan izan ziren eta errepide berriaren inguruko azalpen teknikoak eman zituzten.
Amaieran, herritarrek galderak luzatzeko aukera izan zuten eta plazaratu zuten kezka nagusiena bidesariarena izan zen. Honen aurrean erantzun tinkoa izan zuen Oiarbidek: "Hasieratik esan genuen bidesaria izango zuela, orain nori eta nola aplikatu aztertzen ari gara".
Elena Lete Bergarako alkatea ere bertan izan zen eta autobia honek bergararrei ekarriko dizkien onurak azpimarratu zituen.
Bergarako sarrera itxita
Urteaga kaletik Bergararako sarrera itxita egongo da datorren asteko astelehenetik ostegunera, bi norabidetan, Bergara eta Antzuola arteko ingurabidea amaitzeko obrak direla eta. GI-632 errepidearen 22. puntu kilometrikoan kokatzen da aipatutako sarrera. Bidea asteleheneko 9:30etan moztuko da, eta osteguneko 18:00etan irekiko da berriro. Antzuolatik Bergarara sartzeko ordezko bide bezala, GI-632 errepidean aurrera jarraitzea gomendatzen da, 24. puntu kilometrikoan dagoen sarbidera arte.
Gainera, obra hauen eraginez baita ere, errepide honetako 21. puntu kilometrikoan errei bat itxiko da datorren asteko ostiraleko 9:30etatik larunbateko 18:00etara. Mozketa mantentzen den bitartean, trafikoan irekita dagoen erreitik pasako da, txandaka igaroz.