Herritarren ideiak garatzeko 260.000 euroko partida du Bergarako Udalak

Txomin Madina Milikua 2019ko ots. 18a, 14:48

Udal aurrekontuak herritarrekin batera zehazteko ahaleginean bergararren proposamenentzat utzi du diru partida bat Udalak. Proposamen horiek jasotzeko epea otsailaren 25ean zabalduko dute.

Bergara hobetzeko ideiak 2019 izena jarri diote ekimenari, eta horren helburua da herritarrek Bergaran gauzatu nahi dituzten ideiak jasotzea, ez hainbeste profesionalen proiektuak. Eta proposamen horiek edozein eratakoak izan daitezkeela argitu dute: kultura, gizartea, hirigintza… 

Udalak onartu du 260.000 euroko partida horretarako, eta gutxienez bi proiektu egin ahal izateko bakoitzak 130.000 euroko kostua izango du gehienez. Eta bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

  • Interes orokorrekoa izatea.
  • Urtebetean egin ahal izatea.
  • Udalaren eskumena izatea.
  • Teknikoki bideragarria izatea.

Udalaren webgunera bideratu beharko dituzte ideiak herritarrek otsailaren 25etik martxoaren 17ra bitartean; BAZen eta Agorrosinen jarriko dituzten kutxatan ere sartu ahal izango dira. Balorazio juridiko, tekniko eta ekonomikoa egin ondoren ideiak jendaurrean jarriko dituzte herritarrek bozkatzeko. 

Sariak jasotzeko aukera

Lau baldintza horiek betetzen dituzten proposamen onenak saritu egingo dituzte. Helduen proposamen onena 1.000 eurorekin sarituko da, eta bigarrena 500 eurorekin. Gaztetxoen kasuan, 150 euro jasoko ditu onenak liburu eta disko dendatan gastatzeko. Gainera, botoa ematen duten herritarren artean zortzi sari zozketatuko dira: helduen artean, 150 euroko lau bonu; eta gaztetxoen artean, 2019ko Seminarixoko umeen ekintza guztietarako lau bonu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak