Tramite guztiak leihatila berean egiteko, ireki dute Bergararren Arreta Zerbitzua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 15a, 14:02

Atzo, otsailak 14, inauguratu zuten ofizialki udaletxeko sarreran kokatuta dagoen Bergararren Arreta Zerbitzua, herritarrei informazioa eman eta tramite guztiak leku berean egitea ahalbidetuko duena; tramite ohikoenetarako bulego elektronikoa ere martxan dago. 285.000 euro inbertitu ditu Udalak zerbitzu berri honetarako.

Atzo ireki zuten modu ofizialean Bergararren Arreta Zerbitzua. "Herritarrei begira, eraginkortasunean pauso erraldoi bat eman du Udalak, aspaldiko helburu bat beteta", dio Gobernuak.

Herritarrek tramite guztiak leihatila bakarrean egitearen "aspaldiko helburu" hori lortu aurretik "lanketa handia" egin dute: herritarrei zuzenduta dauden tramite guztiak jaso dira, eskuliburu batean fitxa moduan estandarizatu, beste herri batzuetako arreta zerbitzuak bisitatu, langileen hautaketa egin, langile horiei formakuntza espezifikoa eskaini... "Eta zerbitzuaren izena udal barruan egindako prozedura batean sortu da [B@Z, Bergararren @rreta Zerbitzua]".

Goizez bakarrik, eguenetan izan ezik

Arreta zerbitzu berria udaletxeko sarreran dago, orain arte idazkaritza egon den tokian. Bertan, Gobernuak jakinarazi duenez, lau langile egongo dira lanean, horretarako "formakuntza espezifikoa" jaso dutenak. Lau mahai daude arreta egiteko, eta, horrez gain, erabilera askotariko bulego eta bilera gela bana ere badaude. Zerbitzu berriaren ordutegia honako hau da: astelehenetik egubakoitzera, 07:30etik 15:30era; eta eguenetan, arratsaldez ere zabalduko da, 16:00etatik 19:00etara.

"Atentzio integrala"

Zerbitzuak "atentzio integrala" eskaintzen du, Gobernuak zehaztu duenez; batetik, era guztietako informazioa eman; eta, bestetik, kudeaketa lanak –erregistroa, errolda, askotariko ordainketak…–. Gainera, bertan jasoko dira Udalera heltzen diren deiak, posta elektronikoak eta posta arruntaren bidez heltzen diren mezu guztiak. Handik bideratuko dira, gero, dagozkion sailetara edo zerbitzuetara.

Bestela, bulego elektronikoa

Bulego fisikoa itxita dagoenean, arreta zerbitzuko bulego elektronikoa erabili ahalko da. Bulego elektroniko hori iazko azaro amaieratik dago funtzionamenduan: egunero zabalik egongo da 06:00etatik 22:00etara bitartean, Udaltzaingoak udaletxea zabalik duen denbora berean.

Bulego elektronikoari esker, herritarrek, langile batengana joan gabe, tramiterik ohikoenak "modu azkarrean, ordutegi zabalean eta modu autonomoan" egin ahal izango dute: errolda agiriak ateratzea, isunak zein zergak kontsultatzea edota ordaintzea... "Makina horretan egin ahal diren tramiteak gure webgunean dagoeneko egin daitezkeenak dira", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak