Aitor Zabaleta: "Pozoia edo... zaletasun hau barruan daramagu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 11a, 12:50

Aitor Zabaletak Federazioaren eskutik Euskadiko Mendiko Txapelketako irabazlearen garaikurra jaso zuen Gernikan. 2019an ere errepidean izango da, eta Lola BMW autoari motor handiagoa jartzekotan dabil, lehiakorrago izateko.

Aitor Zabaletak berak ere ez du jakingo zenbatetan irabazi duen Euskadiko Mendiko saria –30 urte daramatza gaur egungo autoarekin lehian–. Lola BMW autok ez du kontrariorik, gaur egun ez da-eta halako barketarik ikusten inguruan, baina CM autoak geroago eta gertuago ditu, eta ez pentsa bergararrak borroka hori galdu gura duenik: "Araudian auto horien aldeko berrikuntzak sartzen dabiltza, eta auto horiek dituztenek geroago eta motor handiagoak erabil ditzakete, pisu gutxiago dute... Geroago eta azkarragoak dira, labur esanda. Aurten, oso borroka estua izan dut eurekin, eta lehiakor izaten jarraitzeko ni ere banabil pentsatzen zer egin dezakedan, motor handiagoa jarri edo... ikusiko dugu".

Zabaletarena moduko autoen urrezko garaiak 90eko hamarkadan bizi izan zituzten –igoeretakoak, orokorrean–, baina Bergarako beteranoak aurten hainbatetan erakutsi du lasterketetara ez doala paseatzera. Hain zuzen, Udanako eta Jaizkibelgo errekorrak ondu ditu aurtengo denboraldian: "Asfaltoaren egoerak zeresan handia izaten du, aspaldian pinua atera eta errepidea zikin utzi duten, zuloak ote dauden... Autoa ez da aldatu, eta ni ere geroago eta zaharragoa naiz, baina eusten ahalegintzen gara".

Mendate batzuk, txarto

Errepideen egoerari dagokionez, pena ematen dio Gorla, egun, horren txarto ikusteak: "Lursailen jabeek pinua atera behar dutela? Nik hori ulertzen dut, baina gero, utzi dezatela errepidea lehen zegoen moduan". Dena dela, asfaltoaren zikintasunarekin batera, Gorlak arazo gehiago ditu: zuloak, asfalto gastatua... "Eta pena da, mendate ederra delako. Zer esango dut, etxekoa izanda, baina oso igoera konpletoa da: tramu azkarrak, motzak, zati teknikoak, paellak, bihurguneak bai eskumatara eta bai ezkerretara...".

Belaunetik errekuperatzen

Orain, belaunean egindako ebakuntza txiki batetik errekuperatzen dabil bergararra, baina horrek ez dio 2019an buruhausterik sortuko: "Meniskoa nuen apurtuta, baina oso ondo errekuperatzen nabil, eta ilusioa dugun bitartean hor jarraituko dugu. Autoa gurea da, ez diogu inori ezer zor eta mantentzea ere guk egiten diogu. Babesleak ere iristen dira poliki-poliki eta autoko gastuak mantentzen laguntzen digute; horrenbestez... Ez dakit pozoia den berba egokiena, baina kirol hau odolean daramagu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak