Guztiak ez badira ere, zortzi urteko prozesuaren ostean Bergarako Udal Artxiboan dira berriz bere bertatik lapurtu zituzten 238 prefilatelia dokumentuetatik 36.
2011an jarri zuen lapurreten salaketa Bergarako Udalak, eta urte horretan bertan atxilotu zuten Jose Luis Guzman bildumagile eta dokumentu historikoen lapurra. Bergaran lapurtutako dokumentuez gain, Euskadiko Artxiboan, Urretxuko Udal Artxiboan, Loiolako Santutegian eta Zavala familiaren artxiboan lapurtutakoak ere atzeman zizkioten. 2016an erruduntzat jo zuten Guzman, eta hainbat zigor ezarri ere bai: urtebeteko kartzela zigorra, berreskuratu ez diren dokumentuengatik indemnizazioa -Bergararen kasuan, 18.600 euro inguru-, eta urtebetez edozein artxibo publiko zein pribatura sartzeko debekua.
1840an zigiluak erabiltzen hasi aurreko gutunak dira prefilatelia dokumentuak, eta duten berezitasuna da ez dutela gutun-azalik erabiltzen: jatorria, helbidea eta ordaindu beharrekoa, dena gutunean bertan agertzen da. Bergarako Udal Artxiboko arduradun Arantzazu Oregiren esanetan, bildumagileentzat dokumentuaren atal horrek du balioa, baina lapurtzean, gutunaren edukia desagertzen da, eta ondorioz, informazio interesgarria galdu. "Gainera, garai hartan Errege Seminarioan atzerriko ikasleak zeudenez, Amerikako hainbat lekutatik heltzen ziren gutunak Bergarara, eta hori, bildumagileendako oso garrantzitsua da" azaldu du Oregik.
Segurtasun neurri gehiago
Dokumentuak berreskuratu direla jakinarazteko agerraldian, Elena Lete alkateak azaldu du albiste ona dela gutunak berriz ere Bergaran egotea, eta horretarako, Bergarako Udalaren, Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean egon den elkarlana nabarmendu du. Azpimarratu du, era berean, dokumentu horiek ondarea direla: "Gutun bakoitza bakarra bakarra da, ez dago besterik: bat galtzen bada, betirako galtzen da". Denborarekin, falta diren 202 dokumentuak berriz ere berreskuratzeko itxaropena agertu du Letek.
Lapurreten ondorioz, Udal Artxiboko segurtasun neurriak zorroztu egin dituzte: kamerak ipini dituzte; eta dokumentuak kontsultarako atera gura direnean, atera aurretik eta itzultzerakoan pisatu egiten dituzte.