'Gelditzeke' kirol orientazio zerbitzua osatu egin du Bergarako Udalak

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 16a, 08:17

"Herri aktibo eta bizia izan dadin lanean" dihardute Bergaran, eta Mugiment programaren baitan eta hainbat erakunderekin elkarlanean Gelditzeke Kirol Orientazio Zerbitzua osatu egin dute. Zein kirol egin, zelan eta zeinekin praktikatu aholkua eta jarraipena jasotzeko aukera izango dute orain herritarrek.

Horren guztiaren berri emateko Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Osasun Saileko eta Bergarako Udaleko ordezkariak elkartu ziren atzo: Mugiment ekimeneko Malen Ruiz de Azua, Osasun Publikoko Arantxa Uranga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko Iñaki Iturrioz, Debagoieneko ESIko Ana Bustindui, Udaleko Kirol Zerbitzuko Ion Larrañaga eta Bergarako alkate Elena Lete. 

Aholkuak herritarrendako

"Herritar aktiboen kopurua du zutabetzat Bergarako Udalaren kirol arloko 2018-2021 Plan Estrategikoak" Udal ordezkariek jakinarazi zutenez atzo egindako agerraldian, eta ahalegin horretan bergararrei erraztasunak eman nahi dizkiete. Gaineratu zuten kirola integrazio tresna ere badela: "Herritar guztiek aukera baitute doan ematen den Kirol Orientabide Zerbitzua (KOZ) erabiltzeko, jarduera fisikoaren inguruko aholkua eta orientazioa emanda, bizitza-estilo aktibo eta osasungarria bultzatzeko helburuarekin".

Orientazio zerbitzua osatze aldera Jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna den aditu batek herrian diren baliabide eta aukera desberdinei buruzko informazioa eta orientabideak emango ditu, "pertsona bakoitzaren egoera fisikoa, beharrak, baliabideak eta lehentasunak kontuan hartuta".

Osasun Etxetik eta ospitaletik bideratutakoak

Zerbitzu erabili izan dutenak bere kabuz joandako herritarrak izan dira orain arte, baina datorren astetik aurrera Bergarako Osasun Etxetik, Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eta Debagoieneko Ospitaletik ere bideratuko dituztela erabiltzaileak Gelditzeke zerbitzura jakinarazi zuten: "Zerbitzu honen beharra izan dezaketen pertsonak identifikatuta izanda, gure herriak jarduera fisikoaren inguruan eskaintzen duena ezagutzera ematea izango da zerbitzuaren xedea".

Gelditzeke zerbitzura jotzeko argibideak hemen:

Ordutegia:

  • Martitzena: 15:00-16:00 (Anbulategia)
  • Eguaztena: 07:30-12:30 (Agorrosin)

Kontaktua:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak