ALBISTEAK

Bielorrusiara bidaiatu aurretik, Bergarako txistulari banda zuzendu du Laskurainek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urtarrilaren 13a

Bergarako txistulari bandak emanaldia eskaini du gaur eguerdian Udaleko osoko bilkuren aretoan. Berezia izan da; izan ere, eguenean, Jose Migel Laskurain zuzendariak Bielorrusiarako bidea hartuko du. Hango orkestra zuzenduko du Laskurainek.

Bielorrusiara joan aurretiko emanaldia eskaini du Laskurainek Bergaran. Emanaldi polita izan da, doinu herrikoak nagusi izan dituena. Doinu ezagunez gain, pasodoble bat entzuteko aukera ere izan dute aretora joan direnek.

Gaurkoan, gainera, Ander Legorburu gazteak lehenengoz jo du txistulari bandarekin. Musika Eskolako ikaslea da Legorburu.

Bielorrusiara joatea, erronka

Esan bezala, Bielorrusiarako bidea hartuko du Laskurainek egunean. Han, irrati telebistako orkestra nazionala zuzenduko du. "Pozik" dago Laskurain aukerarekin, eta "erronka" dela dio: "Horrelako aukerak ezagunen bitartez etorri ohi dira. Hangoa den lagun bat dut eta haren bitartez izan dut orkestra zuzentzeko aukera", azaldu du gaurko emanaldi amaieran.

Errusiako musika

Txistu zuzendaria izateaz gain, orkestra zuzendari ikasketak ere badituela azaldu du: "Musika eskolako orkestra zuzentzen dut; baina ezberdina izango da. Musika eskolakoak ikasleak dira; han, aldiz, profesionalak izango ditut aurrean". Errusiako musika oinarri duen emanaldia eskainiko dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak