Urtarriletik maiatzera bitartean 27 ekintzatik gora Seminarixoan

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 7a, 15:58

Urtebete pasatu da Seminarixoak ateak zabaldu zituenetik, eta ordutik, 74 ekitaldi izan dira eta 5.395 ikusle elkartu dituzte horiek. Kultura Saileko ordezkariak pozik agertu dira orain arteko ibilbidearekin eta urte berrirako programazioa aurkeztu dute.

2017ko abendu bukaeran ireki zituen ateak Seminarixoa kultura agertokiak, eta ordutik ekitaldi mordoa izan dira bertan, besteak beste, hamasei antzezlan, 29 kontzertu, bost dantza emanaldi, hiru bertso saio eta hemeretzi hitzaldi –ikuskizun horietatik 14 haur eta gaztetxoentzat, 53 helduentzat eta zazpi gazteetzat–. Eta 5.395 ikusleren topaleku izan da epe horretan. Horren guztiaren berri eman dute Izaskun Labaien zinegotziak eta Edurne Korta Kultura teknikariak, gaur, urtarrilak 7, egindako agerraldian. "Bergarako kultura eragileek eta taldeek ere gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira. Dagoeneko honako talde hauek izan dira bertan: Orfeoi Gaztea, Orfeoia, Goiko Rock, Aritzeta, San Joxepe, Musika eskola eta Txistulari Banda", adierazi dute.

Gastuen berri ere eman dute; programazio gastuak izan dira 74.000 euro (SGAE barne). Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sareatik 11.900 euroko diru-laguntza jaso du Udalak. 2017an ere jaso zuela adierazi dute, eta 2019an ere jasoko duela.

Hala, Seminarixoaren orain arteko ibilbidearekin pozik agertu dira: "Balorazio oso ona egiten dugu Udaletik. Antolatutako emanaldiek erantzun oso ona dute, gero eta ikusle gehiago datoz. Bergarako kultura taldeen eta sortzaileen parte-hartzea ere gero eta handiagoa da; eta, era berean, programazioa askotarikoa, diziplinari dagokionez zein estiloari".

Maiatza arteko programazioa

Urtarriletik maiatza arteko programazioa gertu dutela ere iragarri dute, eta etxerik etxe banatuta dago. Diziplina askotariko 27 emanaldi izango dira.

  • Hamar musika kontzertu, horien artean, gospel kontzertuak, rocka, pop-a, jazza… Hona hemen izen batzuk: Eñaut Elorrieta, Olatz Zugasti, Xabi Bandini, Nomadak...
  • Haurrendako zazpi emanaldi, besteak beste, Go!azen-en lau saio eta Pirritx eta Porrotx-en ikuskizuna udal pilotalekuan.
  • Lau antzerki emanaldi; horien artean, arrakastatsuak diren Ghero, Erlauntza, Txarriboda...
  • Bi bertso jaialdi: Erramu Zapatu bezperakoa eta Gipuzkoako Bertso Txapelketako aurre kanporaketa.
  • Berrikuntza gisa, errezitaldiak ere izango dira: Mixel Ducau parte den Adi-adi, izan hadi!; Bernardo Atxaga eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik Martuteneko kartzelan; eta Andoni Egañak gidatutako Eta zer gehiago?.

"Oraingoan ere ahalegindu gara ahalik eta eskaintza erakargarriena eta zabalena antolatzen; espero dugu zuen gustukoa izatea!", adierazi dute  Labaien zinegotziak eta Korta Kultura teknikariak.

Sarrerak aurrez salgai

Bestalde, gogorarazi dute hilabeteko lehen eguenetik aurrera eskura daitezkeela hurrengo hilabeteko emanaldi guztien sarrerak. Horretarako bi bide daude: https://tickets.kutxabank.es plataforma eta Seminarixoko txarteldegia (eguenetan 18:00etatik 20:00etara bitartean).

Bide batez jakinarazi dute otsailean Seminarixoan egingo diren Go!azen 5.0 ikuskizunaren lau paseetarako sarrerak aste honetan jarriko dituztela salgai. Emanaldiak dira otsailaren 2an, zapatua, 17:00etan eta 19:00etan; eta igandean, otsailak 3, 12:00etan eta 17:00etan. Photocall-a jarriko dute, lehen emanaldian izan ezik beste guztietan; hortaz, zapatuan lehen saiora etortzen direnek aukera izango dute sarrera erakutsita bigarren saioaren ostean joateko.

Lau emanaldi horietarako sarrerak ostegun honetan, urtarrilak 10, jarriko dituzte salgai, 18:00etan, betiko bi bideak erabilita: https://tickets.kutxabank.es plataforma eta Seminarixoko txarteldegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak