Gobernuaren proiektuen artean, seminarioan lur azpiko aparkalekua egitea eta Labegaraietako kiroldegia berritzea dira lehentasun nagusiak. Aparkalekurako, iaz eskatutako milioi bat euro pasako maileguaz gain 80.000 euroko partida bideratu dute eta bertako ingurua berriro urbanizatzeko ere ia 400.000 euro gorde dituzte, zuloa egin ostean ingurunea txukuntzea badelako hurrengo urterako asmoetako bat.
Labegaraietarako, berriz, ia milioi bat euro bideratzen dira aurrekontuetan, eta horietatik zati garrantzitsu bat Diputazioaren diru-laguntzetatik dator. Horrez gain, etxez etxeko zerbitzua udalekotzeak, besteak beste, ongizate zerbitzurako partida nabarmen handitzea ekarriko du.
Oposizioarekin negoziazioa azken unera arte mantendu dutela dio alkateak eta nabarmendu du bereziki EH Bilduk ez duela euren proiektuen aurka egin.
EH Bildu, etorkizuneko Bergara definitu guran
EH Bilduk ez du begi onez ikusi gobernuaren aurrekontu proposamena eta osotasunera emendakina eta bost emendakin partzial aurkeztu zituen. Oposizioko talde nagusiak etorkizunean nolako Bergara gura den denon artean zehaztea ezinbestekoa dela deritzo, eta diote gobernuari erraztasun handiak jarri dizkiotela, emendakin partzialen bidez, euren ekarpenak ere jasota geratzeko.
Irabazi: "Aurrekontu elektoralistak dira"
Irabazik, berriz, uste du aurrekontuak erabat kolapsatuta daudela eta erdiguneko parkinga moduko proiektuekin mugikortasun arloan 20 urte egingo dela atzera. Horregatik erabili zuen Pontevedrako adibidea, mugikortasun aldetik jaso dituen askotariko errekonozimenduak. Horrekin batera, aurrekontu elektoralistak direla uste dute.
Zubietako bizilagunak soluzio eske
Bestalde, Zubieta kaleko bizilagunen haserrea protagonista izan zen, beste behin, osoko bilkuran. Arrisku egoera etengabean daudela diote eta soluzioak eskatu zituzten. Alkateak, aldi berean parkingerako Ibargarai eta Zubieta altxatzea ezinezkoa izango dela esateaz gain, oposizioarekin batera aurrera begirako lehentasunak finkatuko dituztela adierazi zuen.