Bergarako alde zaharreko argiteria urgentziaz hobetuko du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko abe. 13a, 12:44

2014an eta 2015ean alde zaharrean jarri ziren 103 led luminaria puntuak aldatu egin behar ditu Udalak, hondatuta daudelako edo arazoak ematen dituztelako: "Puntu horiek gero eta argi-fluxu txikiagoa ematen dute, eta kaleak gero eta ilunago daude". Aurrekontua da 48.296 eurokoa, eta hamar astetan puntu horiek guztiak aldatzea da Udalaren asmoa.

Argiteria publikoak arazoak eman ditu azkenaldian alde zaharrean. Herritarrendako "funtsezkoa" den zerbitzu hori hobetu "behar den bezalakoa" izan dadin, "aukera guztiak" aztertu ditu Udalak, eta, azkenean, "ezohikoa" den kontratazio urgente bidez led berriak erosteko eta horiek "berehala" instalatzeko erabakia hartu dute.

Orduko hornitzailea desagertu egin da eta Tecuni enpresa kontratatu dute. Aurrekontua 48.296 euro da –BEZa barne–.

Erdigunea, "gero eta ilunago"

Udalak gogora ekarri du 2014an eta 2015ean alde zaharreko argiteria publikoa aldatu zela eta led sistemako luminariak jarri zirela. Hain justu, honako kale hauetan egin zen aldaketa hori: Bidekurutzeta, Munibe plaza, San Pedro, Mizpildi, Zabalotegi, Komenio, Barrenkalea, Irizar ibilbidea, Artekalea, Arruriaga, Goenkalea, Juan Irazabal pasealekua, Laudantz kantoia, Erromagalartza kantoia, Arrese zeharbidea eta San Martin Agirre. Guztira, 103 luminariapuntu aldatu ziren orduan.

Hala, gaur egun luminaria horietatik sei hondatuta daude eta gainerakoetako gehienak arazoak ematen dabiltza: "Gero eta argi-fluxu txikiagoa ematen dute, eta kaleak gero eta ilunago daude. Hainbat puntutan egoera eskasa da eta horri buelta eman behar zaio", adierazi dute.

Udaletik argitu dutenez, ezinezkoa da led horiek konpontzea, iraupen-bizitza agortzen ari zaielako, eta horregatik erabaki dutela plaka berriak jartzea. Instalazioekin sei aste barru hasiko direla aurreikusten du Udalak, eta lau aste beharko dituzte puntu guztiak aldatzeko. Hamar aste beharko dira guztira, beraz.

Lur azpiko edukiontziak Iralan, beirarentzat

Beirarentzat lur azpiko hiru metro kubikoko bi edukiontzi jartzeko lanetan ari dira Iralan. Edukiontziak Plastic Omnium enpresarenak dira eta abenduaren 21erako lanak amaituta egongo direla espero du Udalak. Lanon aurrekontua 12.332 euro da –BEZa barne–.

Argazkia: Brigadako langilea alkatearekin eta teknikari batekin, atzo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak