Galizian sortutako ideiari gorputza eman diote azkeneko urtean Alustiza, Aranzabal eta Vicente hirukoteak. "2017ko uztailean, Galiziako jaialdi batean, kalejira giroan, elkarrekin kantuan ibili ginen", azaldu dute prentsaurrekoan. Ideia hari tiraka, taldea sortu eta abesti propioak egin dituzte.
Musikalki, ertz ezberdinetatik datorren hirukotea
"Ertz ezberdinetatik gatozen musikariak gara. Aritzek trikitia jotzen du, ni –Amaia– musika klasikoan ibili naiz gehienbat eta Oihane dantza mundutik dator. Oso ezberdinak eman arren, osagarriak gara eta bat egin dugu proiektu honetan", dio Aranzabalek. Hain zuzen, hortik dator taldearen izena.
Sei abesti jaso dituzte Gaur diskoan: "Era guztietako abestiak daude: lasaiak, folk ukitua duena, runba bat, trikitia, arin-arina... zaila da etiketa bat jartzea", nabarmendu du Alustizak. Gaur izena jarri diote diskoari egunean egunekoa bizi nahi dutelako, etorkizunera begira egon barik.
Zapatuan zuzenekoa eskainiko dute
Zapatuan egingo dute zuzeneko emanaldia San Juan auzoko ermitan, 20:30ean: "Ordubete inguruko emanaldia izango da. Gure abestiez gain, bertsioak ere joko ditugu: Itoitz, adibidez, eta baita oso berezia izango den abesti bat ere, pertsona berezi bati eskainia", diote. Seiko formatuan arituko dira zapatuan: baterian Ekaitz Otxoa, baxuan Julen Arrieta eta gitarrarekin Idoia Azurmendi ibiliko dira.
Durangoko Azokan izango dira
Durangoko azokan ere izango dira: Goienkale 46an izango dute postua. Horrez gain, abenduaren 7an, 15:00etan kontzertua eskainiko dute Ahotsenea gunean. Diskoa 8 euroren truke jarri dute salgai.