Dagoeneko erabilgarri dago Bergarako bulego elektronikoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko aza. 21a, 14:58

Bergararren Arreta Zerbitzua izango denaren osagarria da gaur aurkeztu duten bulego elektronikoa. Makina horren bitartez hainbat tramite egiteko aukera izango du herritarrak. Egunero egongo da zabalik, 06:00etatik 22:00etara. B@Z osotasunean otsailean zabalduko dute.

Bergarako Udalak bergararren arreta zerbitzua delako bulegoa martxan jartzeko lanean dihardu. Bulego fisikoa otsailerako egongo da zabalik; aldiz, bulego elektronikoa izango dena erabilgarri dago gaurtik aurrera.

B@Z zabaltzen dutenean, herritarrek leiho bakarrean egin ahal izango dituzte tramite guztiak, era autonomo batean.

Eskuliburu batean estandarizatu dituzte tramiteak

Urtebeteko lanketa egin dute udaletxe barruan; hala, herritarrei zuzenduta egiten dituzten tramite guztiak eskuliburu batean jaso dituzte.

Otsailean zabalduko duten bulego fisikoan lau langile egongo dira; egun udaleko langileak direnak. Alkateak azaldu du "eskarmentua" duten langileak nahi zituztela B@Z-erako.

Bulego telematikoan nola identifikatu

Arreta zerbitzuaren barruan egongo da gaur zabaldu duten bulego telematikoa. Makina baten bitartez herritarrek hainbat tramite egiteko aukera izango dute. Gaur egun web orrialdean egin daitezkeen kexak, iradokizunak, argazkiak bidaltzea… horiek egiteko aukera eskainiko du. Bestalde, DNI-arekin norberaren errolda agiria ateratzeko aukera egongo da. Beste tramite batzuk Izenpe txartelarekin edo DNI elektronikoarekin egin ahal izango dira: ordainagiriak eskuratu, isunak ikusi...

Bulego elektronikoa egunero egongo da zabalik 6:00etatik 22:00etara, Udaltzainek udaletxean zabalik duten tartean

Edonork erabiltzeko moduko makina dela azaldu dute eta irisgarritasuna bermatuta dagoela. Bulego elektronikoa egunero egongo da zabalik 6:00etatik 22:00etara, Udaltzainek udaletxean zabalik duten tartean.

Bulego elektronikoan txartelarekin bakarrik egin daitezke ordainketak; bada, eskaintza zabaltzeko, beste makina bat jarri dute alboan txartelarekin eta diru fisikoarekin ordaindu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak