Proposamena aurkezterako orduan Elena Lete alkateak nabarmendu zuen urtea bukatu aurretik eramango dela osoko bilkurara udal aurrekontu proposamena; abenduaren 17ko osoko bilkuran, hain justu: "Bide onean, aurrekontua indarrean egongo da urtarrilaren hasierarako".
"Agintaldiko konpromisoei jarraituta, bergarar guztiondako hobea izango den Bergara bat eraikitzen jarraitzea da helburu nagusiena. Ekonomia berpizten ari da azken urteotan eta horren alde lanean jarraitzen dugu", esan zuen atzo Elena Lete alkateak.
2019a, "proiektuak idazteko urtea"
2019a proiektuak idazteko urtea izango da, gobernuaren arabera. Hain zuzen ere, Zubieta kalean kontsolidatze lan batzuk –kalea erabat eraberritzeko lanak beranduago hasiko dira–, Simon Arrieta plazako lanak; Matxiategi kooperatiben espaloiak, Martokoko bizilagunekin adostutakoa; eta anbulatorioaren ingurua aparkaleku eta mugikortasun aldetik urbanizatzeko aukerak aztertzea izango dira datorren urtean idatziko diren proiektuetako batzuk.
Labegaraietako kiroldegiaren berritzea
2019an gauzatuko diren proiektuen artean Labegaraietako kiroldegiaren berritzea nabarmendu beharra dago. 930.057 euro bideratuko dira horretara 2019an –Diputazioak hein handienean diruz lagundutako proiektua da–, lanen lehen faserako; egun biltegiaren eraikina bota eta beste bat egitea aurreikusten da, besteak beste. Gobernuak atzo azaldu zuenez, proiektuaren xehetasun gehiagoren berri aurrerago emango dute.
Proposameneko datu esanguratsu batzuk
Inbertsioei dagokionez, kopurua 3.679.058 eurokoa da, 2018koaren oso antzekoa. Gastuetan, aldiz, gorakada handiena izango dute gizarte zerbitzuek (%16), kirolak (%43) eta informatikak (%16).
Barruko funtzionamendua errazteko, kreditu globala kontzeptua martxan jarri dugu: poltsa orokor baten bitartez, batzordeek errazago izango dute diru disponibilitatea.
Horrez gain, honako datuak ere eman zituzten atzoko agerraldian:
-260.000 euro herritarrek aukeratutako egitasmoak gauzatzeko.
-930.057 euro Labegaraieta kiroldegiaren berritze lanen lehen faserako.
-320.000 euro seminario azpiko parkinga egitearekin bat, ingurua berrurbanizatzeko.
-340.000 euro bidegorri sarea handitzeko, San Antoniorantz.
-175.000 euro Amillaga industriagunea handitzeko.
-1.946.867 euro gizarte zerbitzuetarako; horietatik 680.000 euro etxeko laguntza zerbitzurako, aurten baino %35 gehiago. Hortaz, erabiltzaileek %25 gutxiago ordaindu beharko dute.