Txapa Irratikoek ikasturte berriari hasiera emateko antolatu dute asteburu honetako Txapada Erradikala jaialdia, eta The Potes taldearen ardura izan zen atzo gauean Bergarako gaztetxean jaialdiari hasiera ematea. Arrasatearrak disko berria, Ametsak dira egi erabat bete arte izenekoa, besapean zutela heldu ziren kontzertura. Emanaldia hasteko taldekide denek RIPen Condenado abestiaren bertsio akustikoa jo ostean, lan berriko doinuak izan ziren nagusi kontzertuan zehar. Dena den, bertsioendako tokirik ere utzi zuten; The Poguesen Tuesday morning izan zen horren adibide. Arrasatearrek ikusle dezente erakarri zuten kartzela zaharrera, eta sortutako giroari esker, hasiera indartsua eman zioten jaialdiari.
Jul Bolinaga gogoan
Arrasateko taldeak lotura berezia du Bergarako gaztetxearekin, aurten beteko dira-eta lau urte bertan ematen zebiltzan kontzertu batean Jul Bolinaga taldekidea hil zela. Eta hala, atzo, kontzertuari hasiera eman aurretik, RIPeko kide ohia ere bazenaren omenezko plaka bat jarri zuten agertokiaren ezkerreko aldean.
Gaur eta bihar, musika gehiago
Gaur gauean, 22:30ea, denboraldi berriko programazioa aurkeztuko dute. Ondoren, What a band bergararrek Thousand tons of steel disko berria aurkeztuko dute. Gaua ondo amaitzeko Txapa jaia egingo dute: Haus of beats eta Dj Turtukiña musikariak arituko dira musika jartzen.
Bihar, bestalde, 18:00etan, BBAX Distortsioen Munduan eta Isuo ta Kezman taldeak igoko dira taula gainera.