Bergarako Udalak herritar guztiei zuzendutako erakusketa zabalduko du Laboratorium museoan. Erakusketa horrek Bergarako historiarekin lotura duten eta herriaren izaera ezberdinak adierazten dituzten hainbat elementu izango ditu.
Egubakoitzean zabalduko dute erakusketa, urriaren 19an. Lau atal nagusi izango ditu, modu "argigarrian" azalduta: lurraldea, elkarbizitza, ekonomia eta kultura izango dira atal nagusi horiek.
Kalean, herritarrei gonbidapena
Kalean, berriz, Bergarako bizilagun guztiengana heltzeko asmoarekin, erakusketaren laburpena egiten duen eta bertara gonbidatzen dituen plataforma bat egongo da.
Emakumeen presentzia
Laboratoriumen sarreran, historian zehar emakume bergararrek izan duten garrantzia nabarmentzen duten panel informatiboak jarriko dituzte.
Antolatzaileek adierazi dute bisitak antolatuko dituztela bai ikastetxeentzat eta baita herritarrentzat ere. Erakusketa urtarrilaren 9ra arte egongo da zabalik.