"Informaziorik eza" salatu dute Zubietako obran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urr. 5a, 09:50

Bergarako Zubieta kaleko zubi zaharra birgaitzeko lanen aurrean haserre agertu dira bizilagun batzuk; diotenez, informaziorik ez zutelako eta lau hilez oinezkoendako itxita egongo delako; Udala aztertzen ari da, besteak beste, Bolurako zirkulazioa Ibargarai edota Artekaletik bideratzea.

Zubieta kaleko zubiko obra zeresana ematen ari da azken egunotan. Bizilagun batzuek, obraren hasierarekin haserre, obra geldiarazi eta alkatearekin bilera urgente bat eskatu zuten. Eguenean bertan protesta egin zuten zubi ondoan eta astelehenean, urriak 1, aldarrikapena San Martin plazara eraman zuten; Bide alternatibo bat behar dugu ya! Zubia gure bidea leloa zuen pankarta baten atzean jarri ziren. Udalaren partetik "behar den moduan" informatu ez izana salatzen dute.

Lete: "Proiektua ezaguna zen"

Elena Lete alkatea birritan elkartu da bizilagunekin. "Exekuzioaren aurretik gorabeherak izan dira; akaso, horren inguruan gehiago informatu genezakeen, baina proiektuaren gaineko ezagutza bazegoen. Esan genuen zubia berreskuratzeko eta argiteria, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko zela". Udalaren arabera, Zubietarako proiektua idatzita dago eta lanak faseka egingo dira: "Zubiarekin hasi behar da, lehentasunezkoa da".

Bestalde, bizilagunek eskatzen duten oinezkoendako pasabide horren inguruan, Letek dio Ura agentziak ez duela pasabide hori egitea ahalbidetzen: "Uholde arriskua dela-eta Ura agentziak dio bertan ezin dela egiturarik jarri, eta, beraz, eskari horrek ez dauka ibilbiderik".

Afekzioei dagokienez, alkateak pazientzia eskatu du eta gaineratu du eragozpen batzuk eragitea saihestezina dela: "Irala kalean obra egin zenean, terrazak, komertzioak eta etxebizitzak zeuden eta denek jasan zituzten zailtasun eta oztopo batzuk. Orduan ulertu genuen obrarekin egoera asko hobetzen zela; bada, obra honekin gauza bera gertatuko da".

EH Bildu: "Ez da ondo informatu"

EH Bilduk begi onez ikusten du zubia birgaitzeko proiektua: "Zubiaren irisgarritasuna hobetu eta zubiaren izaera historikoa indartzeko balioko du eta auzoarentzat ona izango da. Kontrara, auzotarrak ez dituzte ondo informatu. Ez zaie azaldu zergatik parte hartze prozesu batetik atera ziren beharrei lehentasuna eman beharrean, zubiaren eraberritzea lehenesten den; gainera, obrek iraun artean izango duen afekzioari ez zaio irtenbiderik eskaini".

Atzerapen nabaria izan duen obra Zubiko lanek atzerapen nabaria izan dute. Enpresa adjudikatuak lan karga handia zuelaeta ezin lanak hasi zebilela, azkenean, kontratua eten zuen; lanak udaberrian hastea aurreikusten zen. Kontratu etetearen ondorioz, berriro egin zen esleipen-deialdia, eta Goitu Eraikuntzak enpresa ari da lanok gauzatzen.

Lanek 313.864 euroko aurrekontua dute –BEZa barne– eta lau hilabeteko iraupena izatea onartu zen adjudikazio-pleguetan. Aurrekontuaren %73 diru laguntzetatik etorriko da, eta, horregatik –eta orain bertan uraren maila baxua dela ere aprobetxatuta–, Udalak lehentasuna eman dio zubiaren obra ahalik eta lasterren gauzatzeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak