Pabiloi eta bulego berriak
Azpiegitura hori gauzatuta eta martxan ipintzeko moduan dagoela ikustea pozgarria da bergararrentzat, Elena Lete alkateak azaldu duenez. 2015ean, ibilbideari ekin ziotenean, garai zailak zirela ekarri du gogora eta eskerrak eman dizkie proiektua abian jartzeko momentu aproposa zela sinistu zutenei. Lehen mailako eraikina egin dute, bere esanetan.
Eraikin industriala 500 eta ia 400 metro koadroko 17 pabiloiz osatua dago, 7.650 metro koadroko azalera du orotara; eta bulego eraikin bat dago bestetik, 250 metroko hiru solairu dituena. Konpainiek hainbat formula izango dituzte lokalak eskuratzeko: salerosketa zuzena, errentamendu sinplea edo hiru urteko alokairua erosketa eskubidearekin, esaterako.
Jada hamabi bat enpresek agertu dute interesa eraikin berrian kokatzeko. SPRI Taldeko zuzendari nagusiaren esanetan, adierazitako interes horrek erakusten du erkidegoan leku gutxitan daudela ezaugarri horietako azpiegiturak, eta handitzeko asmoa ere iragarri du.