Uda giroa izan zuten aurtengo Senideen Egunean, eta egoitzako terrazan elkartu ziren egoiliarrak, horien familiakoak eta bertako langileak. Mokadutxo bat jan, musikak girotuta eta kontu-kontari jardun zuten.
Bi urtetik behin ospatzen duten egun honek hainbat helburu dituela jakinarazi zuen Alazne Irazabal koordinatzaileak: "Hiru aipatuko nituzke: egun polit bat pasatzea guztiok elkarrekin; Bergarara zabaltzea, herritarrei zabaltzea gure ateak; eta eskerrak ematea gurekin akordatzen direnei, omenaldi txiki bat eskaintzea".
Orain dela lau urte, festa lehenengoz antolatu zutenean, boluntarioak eskertu zituzten, Nagusilan eta Antzuolako boluntarioak, besteak beste. Orain dela bi urte Altzasu elkartekoak izan zituzten gogoan, elkartera gonbidatzen dituztelako bazkaltzera. Eta aurten, Musika Eskola omendu dute: "Urteak dira, ikasleak hona datozela musika emanaldiak eskaintzera, eta hori eskertzekoa da, asko ezin baitira hemendik irten", zioen Irazabalek.
Oroigarria eta lore-sorta Ekiñe Bilbaok, Musika Eskolako presidenteak, eta Marije Ugalde zuzendariak jaso zituzten.