Seminarixoaren lehen pausoen gaineko iritzi ezberdinak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ira. 19a, 16:37

Bederatzi hilabete egin ditu martxan Bergarako Seminarixoak eta heldu da areto berriaren lehen pausoak baloratzeko ordua. Gobernua "oso pozik" dago, eta urritik abendura arteko programazioa aurkeztu dute gaur, hilak 19, aretoan bertan –hil bukaeran etxez etxe banatuko da–. EH Bilduk, berriz, uste du "oso motz" geratu dela programazioa eta Irabazik dio herritarrekin ez dela ezertarako kontatu.

Esandako moduan, Udal Gobernua "oso pozik" dago urtarrilaren 26an inauguratu zen aretoarekin. "Ia 4.000 ikusle pasatu dira eta horrek esan gura du 142 ikusle direla bataz beste emanaldiko. Beraz, oso balorazio positiboa egiten dugu", esan du, besteak beste, Maite Agirre kultura zinegotziak. Ikusle kopuru hori erakartzeko 50 emankizun izan dira Seminarixoan: 19 musika emanaldi, helduendako lau antzezlan, umeendako bederatzi saio, hamalau hitzaldi, hiru dantza emanaldi eta bertso saio bat.

Programazioa, laster bergararren etxeetan

Balorazio horrez gain, urritik abendura arteko programazioa ere aurkeztu dute gaurko agerraldian eta iragarri dute irail bukaeran etxez etxe banatuko dela egitaraua. Bergararrek protagonismoa izango dute eta kanpotik etorritako izen esanguratsu batzuk ere egongo dira.

Bergararren artean, besteak beste, Aitor Borobiaren Punkowsky helduendako antzezlana eta Mikel Ibarzabalen Katillukadak umeendako ikuskizuna izango dira eta kanpoko artisten artean, adibidez, Izaro musikaria egongo da.

Kudeaketa Udalaren esku, "argi"

Bestalde, Seminarixoa inauguratu aurretik aretoaren kudeaketaz kezka azaldu zuen herritar talde batek gaiaren inguruan  "irekian" eztabaidatzeko asmoz deitu zuten bilera eta penaz hartu zuten gobernuko ordezkaririk bertaratu ez izana.

Izan ere, gobernuak "argi" dauka kudeaketa Udalarena izan behar dela. "Gobernuak argi dauka Seminarixoaren kudeaketa Udalarena izan behar dela, kultur zerbitzuarena. Eta, noski, kultura batzordea horretarako sortuta dago eta bertara iristen diren eskakizunei erantzuten saiatzen gara", dio kultura zinegotziak. 

 

Oposizioak, oso bestelako iritzia

Oposizioko taldeek ez dute aretoaren orain arteko balorazio onik egiten. EH Bilduk uste du programazioa "oso motz" geratu dela eta orokorrean genero eta adin tarte askorendako hutsunea egon dela.

Uste dute Udala ez dela aprobetxatzen ari "sekulako aukerak" eskaini ahal dituen aretoa eta kudeaketa erabat Udalarena izan behar bada baliabide pertsonal gehiago bideratu behar direla diote. Horrez gain, zinema ekipoa oraindik ez egotea ezin da justifikatu, oposizioko talde nagusiaren arabera.

Izan ere, Gobernuak aretoa ireki aurretik esan zuen 2018ko udazkenerako zinema ekipoa martxan egongo zela. Hala ere, Gabonak arte itxaron beharko da gutxienez.

Amaitzeko, Irabazik uste du aretoa bera “beste partxe bat” dela Bergarako historian eta orain arteko programazioarekin ez daude batere gustura. Gaineratu dute kudeaketaren gainean kezka azaldu duen herritar talde horrekin elkartzeko eskatu ziotela gobernuari baina ez dutela kasurik egin.

Irabazik dio, besteak beste, kultura sortzeko espazio bat izan beharko litzatekeela Seminarixoa eta ez publikoa subjektu pasibo hutsa izateko areto bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak