Saioaren deitzaileek aurkezpena egin ostean, Gernikako Astra eta Azpeitiko San Agustin kulturgintza ereduetako ordezkariei eman zieten hitza. Elkarren artean ezberdinak diren ereduak, baina biek babes eta oihartzun handia dutenak euren herrietan. Bi proiektuetako ordezkariek nabarmendu zuten urte luzeetako lanaren ondorio dela gaur egungo egoera. Azpeitiko proiektuan koordinatzaile lanetan diharduen Aitor Bengoetxeak nabarmendu zuen, besteak beste, herritarra erabiltzaile izatetik parte hartzaile izatera pasatu izana klabea izan zela.
Kultur koordinadora "anitz bat"
Gernikako eta Azpeitiko esperientziak modu laburrean entzun ostean, talde txikitan elkartu ziren bertaratutakoak ekarpenak egin nahian. Hainbat ondorio atera zituzten saioaren amaieran baina gehien errepikatu zirenen artean hiru aipatu daitezke nagusiki: gogoa dagoela "denon artean" Bergarako baliabideen kudeaketa pentsatzeko, kultur koordinadora "anitz bat" sortzea "oso aberasgarria" izango zela eta parte-hartze kultura falta dela herrian.
Irizar jauregira hurbildu ziren norbanakoez gain, EH Bilduko zinegotzi Gorka Artola eta Leire Iruin, Irabaziko Aiert Lizarralde, Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugalde, eszenografian aditu Valen Moñux eta Jarduneko Maitane Arizabaleta izan ziren, besteak beste.
Gobernuak uste du kudeaketa Udalarena izan behar dela
Udal Gobernuko ordezkaririk ez zen izan atzoko saioan. Kultura zinegotzi Maite Agirreri galdetuta, oraingoz "argi" dute Seminarixoko kudeaketa publikoa izan behar dela: "Zabalotegi aretoa, Aroztegi, Agorrosin, Laboratorium… diren bezala. Batez ere hasieran, indar guztiak jarri behar ditugu. Azken bi urte hauetan, Euskal Herriko hainbat eta hainbat antzoki bisitatu ditugu, guztiak erabat ezberdinak, bakoitza bere muga eta baliabideekin. Asko ikasi dugu, eta argi geratu zaigu, momentuz kudeaketa Udalarena izan behar dela".
Inaugurazio ekitaldia bihar
Bihar, urtarrilak 26, Seminarixoaren inaugurazio ofiziala egingo da 19:00etan. Modu horretan eskertu nahi zaie kultura agertoki berri hau sortzeko parte hartu duten pertsona, elkarte, eragile eta erakundeei.
Ekitaldi xumea izango da eta eskertzez gain, Bergarako hainbat talderen emanaldiak izango dira. Bestalde, aforo kontuengatik sarrera mugatua izango da eta aipatutako kultura, kirol eta ongizate alorretan diharduten elkarte, erakunde eta eragileek inauguraziora bertaratzeko gonbidapena jaso dute. Horiez gain, norbanakoak etorri ahal izango dira aforoa bete arte. Dena dela, interesa duenak aukera izango du Udal webgunearen bitartez ekitaldia streaming bidez zuzenean ere ikusteko; Goienak grabatu eta zuzenean emitituko du ekitaldia, osorik.