ALBISTEAK

Badatoz San Martin jaiak, danbor hotsen erritmora

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ira. 11a, 16:24

Egubakoitzetik domekara bitartean, askotariko ekintzak izango dira Bergaran San Martin jaien barruan. Danborrada izaten da jaietako "ekitaldirik parte-hartzaileena"; helduen danborradan ia 500 danbor-jole eta 75 barrika-jole izango dira eta umeenean 300 bat irtengo dira. Zapatuko azoka Oxirondon egingo da aurten ere, eta 52 salmenta-postu egongo dira.

Asteburu osorako 56.000 euroko aurrekontuarekin, Bergarako Udalak gaur, irailak 11, aurkeztu du San Martin jaietako egitaraua. "Guztiondako jaiak dira eta beraz, bizikidetzan, modu parte-hartzailean eta berdintasunean goza ditzagula", adierazi du kultura zinegotzi Maite Agirrek.

Danborradan, "inoizko parte-hartzerik handiena"

Jaietako ekitaldien artean zapatuko helduen danborrada (22:30) eta domekako umeen danborrada (18:30) nabarmendu behar dira. Helduenean 22 taldek hartuko dute parte: "Nagusien danborradan 500 danbor-jole eta 75 barrika-jole arituko dira, inoiz baino gehiago. Banda eta bestelako kideak gehituta, ia 600 lagun ibiliko dira lanean. Bergarako ekitaldirik parte-hartzaileena bihurtu da. Zorionak guztioi!", esan du Agirrek.

Eguraldi ona edo txarra egin, danborrada ez da bertan behera geratuko; hori bai, euria eginez gero ibilbide motzagoa egingo da eta bandak plazan itxarongo die danbor-joleei. Lau martxa joko dituzte: Umore ona, Pertxa, Lasai Toki eta San Martin.

Bestalde, umeen danborradan ez dago aldaketarik: 300 bat ume irtengo dira aurten eta bi martxa joko dituzte: San Martin eta Pertxa.

52 postu Oxirondon egingo den azokan

Azken bi urteetan egin moduan, zapatuko azoka (09:30-14:00) Oxirondon egingo da. 52 salmenta-postu egongo dira: barazki eta frutekin bederatzi, gaztarekin zazpi –oraindik Udalak ezin izan du zehaztu lehiaketara etorriko direnen kopurua– eta bestelakoak 36.

Xaxauren txosnagunea Muniben

Xaxau jai herrikoien konpartsak Muniben jarriko du txosnagunea aurten ere. "Prestaketekin oso justu ibili gara denboraz, baina ziur gaude giro ederra egongo dela Muniben aurten ere. Herri bazkariari eman nahi izan diogu indarra eta Zarauzko katering enpresa berritzaile baten ardura izango da bazkaria prestatzea. Esan beharra dugu, aldi berean, Udalaren diru-laguntzak gero eta txikiagoak direla urtetik urtera", esan du Xaxauko Iosu Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak