Seminarixoa kultura hazitegia inauguratzearekin batera erabaki zuen Bergarako Udalak kanpoaldea apaintzea eta atontzea. Hori dela eta, Beart elkartearengana jo zuen Udalak, Seminarixo zein UNEDeko arkupetako sapaia apaintzeko proposamena eginez.
Beart-ek Udalak proposatutakoa erronka gisa hartu zuen. Talde moduan Udalaren eskaera aztertu, hainbat aukera izan eta azkenean, pladurrean margotu eta berorren piezak itsastea izan zen soluziorik onena. Beart-eko kide den Mayra Jimenezen ideia izan zen nagusi eta taldeko 15 kide ibili dira ekainean eta uztailean artelana gauzatzen. Hala, luzeraz 40 metro eta zabaleraz 4 metro dituen pladurrezko artelana izan da emaitza eta Mayra eta gainontzeko artistak oso gustura daude egindako lanarekin.