Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraiki egingo dute

Eneko Azurmendi 2018ko ira. 10a, 15:55

Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak datozen asteetan hasiko dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskoiker Fundazioak. Izan ere, lankidetza hitzarmen berria sinatu dute Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek, Dolmenen Ibilbidea (Bergara–Elgoibar–Soraluze) kontserbatzeko, balioan jartzeko eta ikertzen jarraitzeko helburuarekin –2012tik ari dira elkarlanean hiru udalak–.

Plan integral honen helburuak honako hauek dira: bertako ondare arkeologikoarekiko interesa eta errespetua sustatuz herritarrak sentsibilizatzea; Karakate-Irukurutzeta-Agerreburu mendilerroaren ondare-balioa eta paisaia-balioa agerian jartzea; baliabide turistiko gisa sustatzea; Dolmenen Ibilbideari buruzko ezagutza eguneratzea ondare kulturala hobeto babesteko eta kudeatzeko asmoz; eta gure Historiaurreko monumentu multzo nabarmenetakoa berreskuratzea, bere berreraikitze historikorako.

Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzeari dagokionez, lurra prestatzeko lanak hasita daude eta datozen asteetan ekingo diete berreraikitze lanei Aranzadi Zientzia Elkarteak, EHUko Arkitektura eta Zaharberritze alorreko teknikariek eta UNED Bergarako kideekin elkarlanean. Lanak irailean hasi eta urrian amaitzea aurreikusten dute.

Trikuharrian egingo den esku-hartzea, bereziki, hilobiko ganberaren berreraikitzean zentratuko da, baina tumuluaren berreraikitze partziala ere egingo dute. Asmoa da trikuharri arrunt baten egitura nolakoa den ezagutzera ematea: masa tumularra, hilobiko kamara, orientazioa, eraikitze elementuen disposizioa, neurriak eta abar.

2018rako aurreikusitako lanen aurkezpena gaur goizean egin dute Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren egoitzan, eta han izan dira Elena Lete Bergarako alkatea, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jesus Tapia arkeologoa. Halaber, ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaria, Irma Basterra.

Irukurutzeta trikuharriaren ikerketa arkeologikoa

Dolmenen Ibilbidearen proiektuak ikerketa arkeologikoaren alorrean ekimen berriak jasotzen ditu eta azaroan Irukurutzetako trikuharriaren indusketa lanak hastea aurreikusten da. Gipuzkoako trikuharri handienetakoa da, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, indusketa arkeologikoak ekarpen nabarmenak egin ditzake tumuluaren neurriak eta egituraren ezaugarriak zehaztuz. Gainera, Neolito garaiko material arkeologikoa aurkitzeko aukerak badaude.

Doako bisita gidatuak, udazkenean

Dolmenen Ibilbidearen balioa ezagutzera emateko, eta iaz eskainitako bisita gidatuek
izan zuten "harrera bikaina" ikusirik –192 lagunek parte hartu zuten –, doako bisita gidatuak eskainiko dituzte iraila eta azaroa bitartean.

Bisita gidatuak domeketan egingo dituzte, eta lehendabiziko hitzordua irailaren 30ean izango da, euskaraz. Ibilbidea Karakateko aparkalekutik abiatuko da, 10:00etan. Bederatzi kilometroko ibilbide gidatua izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino. Iraupena hiru ordu eta erdikoa da. Bisitari amaiera emateko, gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.

Aurrez izena ematea beharrezkoa da. Interesa dutenek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

Bisita gidatuak: irailak 30 (euskaraz), urriak 7 (gaztelaniaz), urriak 21 (euskaraz), urriak 28 (gaztelaniaz) eta azaroak 4 (euskaraz).

Gizaburuagako trikuharria, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena

Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa eta interpretazio lanek erakutsi dutenez, Gizaburuagako trikuharria da, zalantzarik gabe, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena. Estazio megalitiko osoan baino material gehiago aurkitu dituzte han eta, oso kalitate onekoa, gainera.

Indusketa lanak metodo estratigrafikoari jarraituz egin dituzte, hau da, geruzak banan-banan eta kontu handiz indusi dira; orain, material honen guztiaren sailkapena eta azterketa egiten ari dira laborategian.

Gizaburuagan frogatu dute errauste errituaren sarrera uste baino lehenagokoa izan zela; bi errauste aurkitu dituzte eta biak Brontze Aroa amaitu aurrekoak dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak