Herriko hainbat familiaren eskaerari erantzunez eta herritar guztientzat berdintasun aukerak bermatzeko helburuarekin, iazko ikasturtean Eskola Kirol Egokitua jarri zuen martxan Bergarako udalak, 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoendako, Gipuzkoako Eskola Kirol Egokituen Federazioaren laguntzarekin.
Urte betera, behar duen jarraipena eman eta beharrezko baliabideak bermatzeko, Gipuzkoako Eskola Kirol Egokituen Federazioarekin hitzarmena sinatu berri du.
Astean bi saio
Zazpi ume eta lau monitore aritu dira aurreko ikasturtean Eskola Kirol Egokituan. Astean bi saio egiten dituzte, horietako bat, ordu betekoa, San Martin Agirre eskolako gimnasioan. Bigarrena, igerilekuan. Aurten ere, hasiera baten horrela jarraituko dute. Familia berriei, irekia dago eskaintza.
Zailtasun handiena, federazioko ordezkarien esanetan, "ekonomikoa da beti". Ratioak txikiak dira, eta horrek baliabide ekonomikoak handiagoak izatea dakar.
Lehenengoa bai, baina ez, azkena
Maila horretako hitzarmena duen bailarako lehenengo herria da Bergara. Ez da ordea, azkena izango. Oñatin eta Arrasaten ere norabide horretan lanean ari baitira udalak eta federazioa.