EH Bildukoen erantzuna etorri da orain, duela bi aste Bergarako Udal Gobernuak legealdiko hiru urteen balorazioa egin ostean. Hauxe adierazi du Bergarako EH Bilduko Gorka Artolak: "Harritu gintuen batetik eurek euren balorazioan aipatutako proiektuen artean egotea asko aurreko legealdietatik datozenak; adibidez, Seminarioa edota bide gorriak garatzea. Eta beste batzuk, euren eskumenak ez direnak; esaten zuten adibidez, Miguel Altunako eraikin berria, 2002tik datorren proiektu bat da; eta lagundu egin daiteke eta Udalak badauka zer esana kontu horretan, baina ez dago bere esku".
Euren proiektu konkretuak aipatu zituztela ere gaineratu du Artolak, baina horietan ere "eztabaida publiko" bat sortu dutenak ere badaudela dio: "Bergara zorpetuko duen aparkalekua, aparkaleku beharra badago, baina modu hori izan behar den zalantzagarria izan daiteke; Boluko frontoiaren estaltzea; eta besteren bat ere aipatzen zuten, eztabaida sortu dutenak".
Bestetik, EH Bildutik uste dute datu batzuk ematearekin “ahaztu” egin direla. Salatu dute 2016, 2017 eta 2018ko aurrekontuetan eurek hitza emandako proiektu asko garatu barik daudela oraingoz: "Esatearren proiektu batzuk: Espoloiko jolastokia eta ondoren bota zen kioskoa konpontzea zen bat, gero kiosko berria egitea; Wifi-a kalean jartzeko asmoa izan dute urtero eta oraingoz behintzat ez dago martxan; zinea esaten ziguten uda ondorenerako martxan egongo zela, eta oraindik behintzat ez dauka itxurarik egongo denik, ez uda ondorenerako eta ez hilabete batzuetan behintzat; badaude proiektu asko eurek bultzatutakoak eta eurek hitza emandakoak, garatu ez dituztenak".
Gaineratu dute beste arlo batzuk indartzeko konpromisoa ere hartu zutela, ekonomia adibidez, baina ez dutela "garapen handirik" izan.
Parte-hartzea
Parte-hartzeari dagokionez ere badute zer esan: "Parte-hartzea mugatu dute askotan aurretik planteatutako proiektu itxien gainean onarpena ematera, eta gure ustez, parte-hartzea hori baino gehiago da eta prozesu oso bat izan behar da zerotik hasi edo proposamen oso lauso batetik hasi eta proposamen oso batera doana".
EH Bildutik adierazi dute euren aldetik proiektuak aurkezten jarraituko dutela, Udal gobernuari hartutako konpromisoak betearazteko eskatuz eta bergarar guztien interesak defendatuz.