Horrez gain, diotenez, herritarren iritzia jasotzeari eta parte hartzeari garrantzia handia ematen diote. "Oso inportantea da gure eguneroko lanean adin ezberdinetako jendearen, gizon zein emakumeen eta eragile ezberdinetako pertsonen iritziak jasotzea", esan zuen Elena Lete alkateak.
Lur azpiko aparkalekuek, eperik ez oraindik
Proiektuei dagokienez, seminarioko patioan lur azpiko aparkalekuak egitea da gobernu honen proiektu nagusia. Uste dute aparkaleku horiek herriko garapen ekonomikoari eta herritarren zein bisitarien erosotasunari mesede handia egingo diotela. Joan den astean azterketa geologikoak egiten aritu ziren baina epeen gainean galdetuta alkateak oraindik ez du ezer zehaztu nahi izan hankarik ez sartzeko. Gogora ekarri behar da lur azpiko aparkalekurako 1.400.000 euro inguru bideratuko direla eta Udalak horretarako 1.120.000 euro inguruko mailegua eskatu duela.
Bestelako proiektu batzuk
Bestalde, bost kilometroko bidegorri sarea osatzea, Miguel Altuna Lanbide Heziketaren egoitza berrirako lekualdaketa erraztea, Larramendiko industriagunea martxan jartzea eta Gureak enpresak planta berria jartzea erakarri izana lorpen moduan aurkeztu zituzten atzoko agerraldian. Era berean, urtarrilaren 26an inauguratu zen Seminarixoa aretoa martxan jartzea asmo nagusi batekin egin dute: "Bergarak halako azpiegitura bat behar zuen herriko kulturaren sustapenerako", deritzo Letek.
Horrez gain, Labegaraieta kiroldegiko lanak 2019an hastea aurreikusten dute eta dagoeneko martxan diren Boluko frontoia estaltzeko lanak eta bukatuta dagoen San Martin Agirre ikastetxeko estaldura ere aipatu zituzten proiektuen artean.
Eta bukatzeko, nekazaritza-auzoetan egin diren inbertsioen artean Uberako plaza berritu izana, laster Angiorzako beheko kaleko urbanizazioa errealitate izango dela eta bestelako esku hartze batzuk gauzatu direla ere nabarmendu dute.
"Koherentziaz, irmotasunez eta diskrezioz"
Amaitzeko, Letek azaldu zuen egitasmo guztietan "koherentziaz, irmotasunez eta diskrezioz" egingo dutela lan.