Kartzela zaharreko zortzigarren ziega zena zinema areto bihurtu du azken urteetan gaztetxea bera topaleku izan duen Dynamo zineklubak.
"Euskal Herriko zinema aretorik txikiena" da, 18 eserleku dituena, eta, argazkiak ikusita bergarar askok gogoratuko dutenez, ez dira edozein aulki: 12 urte itxita daroatzan Novedades areto mitikoko eserlekuak dira. "Eraikina bota aurretik, nahi genuena eraman genezakeela esan ziguten eta orduan operatibo guztia jarri genuen martxan. Novedadeskoen eskuzabaltasuna eskertu gura dugu", adierazi du Dynamoko kide Ugutz Basaurik.
Basaurik dioenez, lekualdaketarako elektrizitate-sorgailu bat lortu behar izan zuten, Novedadesen ez zegoelako elektrizitaterik, eta, horrez gain, kamioi bat, rotaflexa eta laguntzarako zenbait lagun behar izan zituzten.
18 aulkiak igotzea, lan nekezena
Aulkiak ziegan sartzea izan zen lanik zailena: "Zazpi aulkiko bi ilara osorik sartzea erabaki genuen, xarma mantentzeko. Eskaileretatik ezinezkoa zen sartzea, eta, orduan, diziplina ezberdinetan adituak diren lagunak fitxatu genituen: eskalatzaile bat, suhiltzaile bat, Udaleko brigadako lagun bat... Izan ere, sabaiko habe bat aprobetxatu genuen aulkiak poleekin eta, betiere, modu seguruan igotzeko", dio Basaurik.
Aurrestreinaldia, hilaren 20an
Zinema areto berriaren inauguraziorako, aurrestreinaldi bat egingo dute uztailaren 20an. Zortzigarren ziega Jokin Guridik eta Alain Carazok osatzen duten Eyharts taldeak erabiltzen zuen entseguetarako, eta aurrestreinaldi horretan kontzertua emango dute ziegan bertan.
Aurrestreinaldi horretarako txartela lortu duten hamazortzi lagunak aukeratuta daude dagoeneko: "Zozketa bat antolatu genuen zineklubeko gastuak finantzatzeko eta zozketa horretako irabazleek ziegarako txartela izango dute. Horrez gain, zineklubekoak eta muntatzen lagundu zigutenak egongo dira; ez dago asko betetzeko, egia esan [Barre]".
Pozik dago Basauri, aurrerantzean toki finko bat izango dutelako: "Zinema areto baten usaina eta guzti dauka dagoeneko [palomitak bertan egiteko makina badute dagoeneko]; pelikula klasikoez gaztetxean bertan gozatzeko aukera izatea ederra da. Gainera, ziegaren izaera ere bere horretan mantendu dugu, ondarea da eta".
Hamabi urte Novedades barik
Dynamo zineklubak azken urteetan izan duen ibilbide gorabeheratsua egonkortuko du aretoak, eta, formatu txikian bada ere, herriko zinemazale batzuen gosea asetzeko balioko du "Badira hamabi urte Novedades itxi zenetik; gu beti hara joaten ginen, Harindondin-en litxarreriak erosi ostean. Ordutik hona, Eibarrera edo hiriburuetara joan behar izan dugu. Ez dakit herrian zinema areto beharrik dagoen edo ez, baina beste xarma bat ematen dio. Eta aukera izatea gaztetxean bertan Novedadesen kutsu nabarmena izango duen areto batez gozatzeko... Sekulakoa da", dio Dynamo zineklubeko kide Unai Garmendiak.
Hasiera batean, pelikula finko batzuk programatuko dituzte; gero, interesa agertzen duen jendearen arabera antolatuko dira.
Azken ukituak bakarrik falta dira
Uztailaren 20an egingo duten aurrestreinaldirako azken ukituak falta dira. Sistema elektrikoa hobetzea, zinema areto baten kutsua emango dioten apainketa batzuk –led argiak jarriko dituzte filma hasi aurreko argiztapen berezia irudikatzeko–... eta Novedades-eko oihal originala jarriko dute. "Benetako areto baten itxura hartuko du; hori bai, formatu txikian", diote.