Bergarako Udalak diruz lagunduko du proiektua. San Migel da Bergarari buruzko lehen aipamen idatzian azaltzen den lekuetako bat, XI. mendean jada, lurraldea Nafarroako Erresumaren parte zen garaian. Hala, indusketak fruituak ematen ari dira. Honela adierazi du Iosu Etxezarraga historialariak: "Urteurreneko testuinguruan ikerketa lan arkeologikoak egiteak duen interesa oso handia da. Orokorrean, hiribilduen sorrera ospatzen denean, forugutuna ematen den unetik aurrerako historiari begiratzen diogu, batez ere, baina, gutxitan, aurretik leku horrek aurretik zer historia izan zuen. Horren arrazoietako bat gure lurraldeari buruzko XIII. mende aurreko dokumentu eskasia izan da. Hala ere, gaur egun arkeologia da arazo hori saihesteko modu egokiena eta modu horretako ikerketak informazio oso baliagarria ematen ari dira Erdi Aroaren hasiera ezagutzen has gaitezen".
Hilobi bat aurkitu dute
"Zundaketa ertz batean zabaldu dugu. Horrek eremu interesgarria murriztu du, irekitako eremuaren zati bat aldapan baitago. Hala ere, gelditzen den eremuan zenbait aurkikuntza egin dugu. Alde batetik, eraikuntza prozesuarekin berarekin lotutako datuak lortzen ari gara, eta, bestetik, haurtxo baten hilobia topatu dugu. Aurkikuntza hau garrantzitsua izan daiteke, oraindik bakarra den arren, eliza honek noizbait hilerria izan zuela esan nahi bailezake".