Eguraldi iragarpenei begira pasa dituzte azken egunak Bergaran. Euskalmeteko arduradunekin harremanetan egon dira, eta, azkenean, bihar, barikua, egitekoa zen "kontzertu errepikaezina" bertan behera uztea erabaki dute. Arrazoia: ekaitz arriskua iragarri dute ordu horretarako. Gauzak horrela, kontzertuaren eguna irailera atzeratzea erabaki dute Udalak eta eragileek.
"Pena" hartu dute, baina, kontzertua plazan eta aire zabalean egitekoa zenez, ezin izan dute beste erabakirik hartu: "Bagenekien arrisku hau egon zitekeela", esan du Valen Moñuxek."Erabakia zaila izan da, herritar askok eta askok lan handia egin dutelako", adierazi dute udal ordezkariek. 330 herritarrek parte hartu behar zuten emanaldian. Data berria zehazteke dagoen arren, asmoa da iraileko emanaldirako parte hartzaile guztiak aintzat hartzea. "Harremanetan gaude eta datorren astean egingo dugu batzarra. Orduan erabakiko dugu data berria, eta jakingo dugu ea denak emanaldirako prest egongo diren", dio Moñuxek. Bide batez, Bergarako Udalak "bihotzez" eskertu nahi die "egiten ari diren ahalegina".
Sarrerekin zer egin
Doako emanaldia zen arren, gonbidapenak aurrez eskuratu behar ziren. Bada, udal ordezkariek azaldu dute gonbidapen horiek balio gabe geratu direla. "Parte hartzaile guztiekin egingo den bileraren ostean emango dugu informazio gehiago", azaldu dute. Nabarmendu behar da 900 gonbidapen banatu zituztela bi eguneko epean.
Iraileko data, behin betikoa
Datorren astean batzartuko dira parte hartzaile guztiak eta orduan adostuko dute data berria. "Iraileko data hori behin betikoa izango da eta aurreikusten da emanaldia San Martin Agirre plazan egitea, baina, orduan ere eguraldiak eragingo balu, zehaztutako data berean Udal Pilotalekuan egingo litzateke emanaldia", azaldu dute udal ordezkariek. Valen Moñuxek azaldu du hasi dela bigarren plan horretarako azpiegitura pentsatzen: "Pena ematen dit, baina, pilotalekuan egingo balitz, azpiegitura ezberdina izango litzateke. Ohiko emanaldi baten antz handiagoa izango luke, ez gaur egun pentsatuta duguna”.