Iosu Elorza: "Agorrosin Berria egitea nahi dugu, lehenbailehen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko eka. 23a, 09:00

Ekainaren 7an hauteskunde prozesu bat abiatu ostean eta beste hautagaitzarik ez denez aurkeztu, eguenean egin zen ofizial Elorza Bergara Kirol Elkarteko presidente izango dela 2022ra arte. Elorza buru duen eta berretsi berri den BKEko futbol saileko zuzendaritza taldearen lehentasunen artean dago Agorrosin Berria "lehenbailehen" egitea.

Atzo egin zen ofizial BKEko Futbol Saileko presidente izango zarela 2022ra arte. Gogotsu zaude erronka berriari heltzeko?

Nirekin batera talde osoak errepikatzen du eta ilusioz gaude agintaldi berri bati eusteko.

Zeintzuk izango dira lehentasunak?

Hiru urte hauetako aldaketekin jarraitzea eta Agorrosin Berriaren proiektua sendotzea da gure erronka; gure hautagaitza berriro aurkeztearen arrazoietako bat hori izan da. Sinetsita gaude Agorrosin Berriaren alde lanean jarraitu behar dugula.

Milioi eta erdi eurotik gorako proiektua izanik, eman da aurrerapausorik finantziazio-bideetan?

Bergarako Udalarekin, Diputazioarekin, Gipuzkoako federazioarekin eta Realarekin harremanetan gaude eta aurkezpen ofizialak egin dizkiegu. Aurreproiektuaren zirriborroak aurkeztu genituen eta orain finantziazio bideak aztertzen ari gara. Oraindik ez daukagu ezer ofizialik, eta lau eragile horien konpromiso maila norainokoa izango den jakiteko zain gaude. Hala ere, espero dugu 2022ra arteko epealdian proiektua ia amaituta uztea. Gure helburua da obrak lehenbailehen hastea.

Gogora ekartzeko: zergatik gura duzue belar artifiziala jartzea?

Belar naturalak oso erabilera txikia eta mantenu kostu handia dauka. Entrenamenduetarako leku barik gabiltza eta gure instalazioei ahalik eta etekin handiena ateratzeko bidea da naturalaren lekuan artifiziala jartzea.

Leku barik zabiltzatela diozu. Neska jokalarien gorakadak ere eragina izan du erabakian?

Sartu ginenetik sekulako gorakada eman da emakumezkoen futbolean. Joera horri eutsi gura diogu eta beraz, instalazio falta ezin da arrazoi bat izan futbolean egin gura duten neska-mutiko gazteei ateak ixteko. Agorrosin Berria sendotzeko apusturako beste motibo bat ere bada nesken futbola sustatzea.

Bestalde, gaur eta bihar Mahonero Asteburuan murgilduta egongo zarete. Zita garrantzitsua da?

Bai, denboraldiari merezi duen amaiera emateko modu bat da. Aurtengoa hirugarrena da eta aurreko biak oso arrakastatsuak izan ziren Prestaketek eragin dituzte buruhauste batzuk baina gustura egiten den lana da.

Nobedaderik badago aurten?

Aurten Musika eskolarekin akordio batera iritsi gara asteburuko ekintza kultura guztiak eurek antola ditzaten. Bestalde, Aspagonirendako 10.000 euro lortzeko erronka jarri genion gure buruari eta zapatuan [gaur] egingo da zozketa.

Lortuko dituzue 10.000 euro horiek?

Ez dakit esaten zein izango den azken emaitza. Esan didatenez, nahiko ondo doa eta ziur zenbaki polita irtengo dela. 10.000 euro horietara ez bagara heltzen ere, oso gertu egongo gara. Aspanogikoek asko eskertu dute erronka hori hartu izana.

Asteburua bukatu eta astelehenean hasiko da Ander Capa jokalari profesionalak kudeatzen duen campusa. Zer eman dio ezaugarri horietako ekimen baten BKEri?

Halako campus bat antolatzeko beharra ikusi genuen eta badirudi asmatu dugula, plaza guztiak di-da agortu ziren-eta. Neska-mutikoek nahi dituzte halako ekintzak eta guretzat, harrobia lantzeko, aukera ederra da.

Eta Udako Torneoa ere martxan dago...

Herrian oso errotuta dagoen txapelketa da. Zuzendaritzak eta gizonezkoen lehen taldeak antolatzen dute eta urtero giro ederra egoten da. Futbola lagata dutenak dira asko eta ziur finaletan maila altua egongo dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak