Musika eskolako ikasleek prestatutako emanaldiekin hasiko dute festa, hilaren 22an. Buruhandiak, parrilada eta konbo taldeen kontzertuen ondoren, kontzertu nagusia egingo du Wave taldeak. Zapatu goizean umeendako ekintzak izango dira nagusi: puzgarriak, jolasak, futbol ginkana... Ostean, trikipoteoa egingo dute, eta bazkaltzeko elkartuko dira guztiak.
Bazkalostekoan, denboraldiko jokalari onenak saritzen dituen Mahonero Sariak banatuko dituzte. Era berean, Aspanogiren aldeko zozketarako txartelak salduko dituzte. "Klubak erronka dauka ikerketarako 10.000 euro lortzeko. Txartelak saldu eta zozketa jendaurrean egingo dugu", esan dute. Ostean, mus eta mahai-futbol txapelketak eta dantzaldia egongo dira.
Bazkarirako txartelak
Ekainaren 23an Seminarioko karpan egingo duen herri bazkarirako txartelak saldai daude dagoeneko Bule eta Depor tabernatan. Nagusien txartelak 20 eurotan eta umeenak hamabostean.
Futbol campusa
Aurtengo beste berrikuntza, Ander Caparen gidaritzapean egingo duten futbol campusa da. Ekainaren 25etik 29ra egingo dute eta dagoeneko leku guztiak beteta daude. "Futbol campusa antolatzea helburu genuen aspaldi, baina, beti genuen beste zerbait aurretik. Aurten heldu diogu asmo horri, eta erantzuna ikusgarria izan da".